[AZKEN ORDUKOA] Txarakuan piztu den sua "kontrolpean, baina ez erabat itzalita" dagoela jakinarazi dute

[AZKEN ORDUKOA] Txarakuan piztu den sua "kontrolpean, baina ez erabat itzalita" dagoela jakinarazi dute
2020/09/16 eta kitto!
Alkatetzatik 19:00ak aldera igorri duten oharraren arabera, gaur eguerdian Txarakuako mendi-hegal batean piztu den sutea “kontrolpean dago, baina ez erabat itzalita. Eibar, Azpeitia eta Zarauzko suhiltzaileek lanean jarraitzen dute, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Aldundiko Mendietako eta Natura inguruneko sailarekin koordinatuta”. Suhiltzaileek Udaltzaingoari emandako informazioaren arabera, suteak zuhaitzak errepidera erortzea eragin du eta, ondorioz, saihesbidea itxi egin behar izan dute. Gaineratu dutenez, “itxita jarraituko du, badaezpada, Aldundiko teknikariek lurraren balorazioak egin eta honen egonkortasuna bermatu arte”. Emandako informazioaren arabera, suteak inguruko txabola batzuk erre ditu eta Eibarko ekialdeko hainbat gune bi orduz argindarrik gabe laga ditu, baina, hala ere, suak ez du kalte pertsonalik eragin. Ertzaintza eta Udaltzaingoa sutearen arrazoiak ikertzen ari dira.