Basurde eta orkatzak herriko kaleetatik uxatzeko neurriak har ditzala eskatu dio Udalak Ehiza Federazioari

Basurde eta orkatzak herriko kaleetatik uxatzeko neurriak har ditzala eskatu dio Udalak Ehiza Federazioari
2020/07/01 eta kitto!
Azken aldian ez da arraroa Eibarko kaleetatik basa animaliak ikustea, eta Eibarko udaleko webgunean gaur argitaratu dutenez, “Eibarko Udalak berriz ere eskatu dio Ehiza Federazioari neurriak har ditzala basurde eta orkatzak bizitegi inguruetatik uxatzeko”. Eskabidea Gipuzkoako Foru Aldundiari ere bidali zaio. Diotenez, “azken hilabeteetan hainbat salaketa egin dira animalia hauek,  batez ere basurde edo orkatzak, hiri-ingurunean ugaritzen ari direlako. Euren habitatetik urrun dabiltza; ez bakarrik baserri inguruetan, baita Eibarko auzoetan ere”.

Egoera ez da berria, eta orain dela gutxi  bidalitako idatzi batean, alkatetzak horren berri eman zuen. Gaur azaldu dutenez, “oraindik ez zaio egoerari erantzun”, eta “egoera areagotu eta larriagotzen ari da; izan ere,  jakin badakigu zenbait kasutan eibartarren integritate fisikoa arriskuan jarri dela”.

Egoera kezkagarri honen aurrean alkatetzak Foru Aldundiari eta Ehiza Federazioari eskatzen dio “behar diren gestioak egin ditzala, Eibarko ehiztarien koadrila bati baimena emateko Eibarko udalerriaren muga barruan jarduteko eta arazo honi irtenbidea emateko”.