Bat Etorri plataforma adineko pertsona batzuek bizi duten egoerarekin kezkatuta dago

Bat Etorri plataforma adineko pertsona batzuek bizi duten egoerarekin kezkatuta dago
2020/04/07 eta kitto!
Bat Etorri Gipuzkoako Pentsio Sistema Publikoaren defentsarako plataforma da eta koronabirusaren hedapenaren ondorioz adineko pertsona batzuek bizi duten “egoera dramatikoarekin” kezkatuta dagoela adierazi du ohar baten bitartez. “Batez ere, hirugarren adinekoen egoitzetan aurkitzen diren egoiliarrekin”.

Zaharren egoitza batzuetan gertatzen den egoerarekin kezkatuta dago Bat Etorri. “Zentro edo gune horiek kontrolatzeko eta gainbegiratzeko neurririk handienak hartzeko eskatzen dugu, eta arreta duina bermatzea adinekoei eta segurtasun baldintzak zerbitzatzen dituzten langileei. Adineko pertsonei arreta ematea ongizate estatuaren zutabeetako bat da eta pertsona horiei merezi duten arreta bermatzeko beharrezko baliabideak eman behar zaizkie”.

Bat Etorrik positiboa izan nahi du, “gure adinekoen ongizatea ziurtatzeko haien interesak defendatzeko eta bidezko eta zuzentasunezko gizarte politika egiteko”. Beraz, zaintza hau zerbitzu publikoa izatearen aldeko apostua egiten dute.

Bat Etorrik, bestalde, eskerrak eman nahi dizkie osasun langileei, zaintzaileei eta infekzioaz kutsatzeko arriskuan lan egiten duten profesional guztiei. “Batzuek beharrezko segurtasun neurririk gabe egiten dute lan”. Gainera, elkartasuna adierazi nahi die koronabirusaren biktima guztiei.