Bertako 500 zuhaitz landatuko dituzte Lindarin, Urko mendiaren magalean

Bertako 500 zuhaitz landatuko dituzte Lindarin, Urko mendiaren magalean
2022/03/15 eta kitto!
Udaleko Ingurumen Sailak, Eibarko Klub Deportiboarekin, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean, Zuhaitz Eguna antolatu du martxoaren 20rako, domekarako. Aurten 500 zuhaitz edo zuhaixka autoktono landatuko dira (haritzak, urkiak, arteak, gorostiak, otsalizarrak, elorri zuriak, basaranak, astigarrak eta udareondoak), Lindarin, Urko mendiaren magalean Udalak zaintzapean duen hektarea bateko lursailean: eguenean, 2030erako Eskola Agenda programan parte hartzen duten zortzi ikastetxeetako ikasleek 250 zuhaitz landatuko dituzte eta beste 250 zuhaitzak domekan sartuko dituzte, herritar guztientzat zabalik egingo den jardunaldian.

Lindarira taldeka igoko dira eta, horretarako, bi elkargune egongo dira: lehena, 09:30ean Klub Deportiboan (Toribio Etxebarria, 16) eta, bestea, 10:00etan Artegietan (Amañako ikastetxearen ondoan). Arbolen landaketa 10:30etik 13:00era bitartean egingo da eta, ondoren, Eibarrera itzuliko dira, bazkalordurako.

Jarduera honetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldean izena ematea, mendia@deporeibar.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, datu hauekin: izen-abizenak, adina (adingabeen kasuan), e-maila, telefonoa, eta aukeratutako elkargunea.  Halaber, 943201904 telefonora dei daiteke, edo, bestela, Klub Deportiboko bulegoetara joan astearte eta ostegunetan, 19:30etik 20:30era. Taldean joan nahi izanez gero, adierazi beharko dira taldekide guztien izen-abizenak eta adina (bakarrik adingabeen kasua).  Izen-ematea martxoaren 17ra arte egin ahalko da (eguna barne).