Beti ikasten da zerbait

Beti ikasten da zerbait
2017/10/27 eta kitto!
Aste honetan ekin zaio Ikastenek antolatzen duen Esperientzia Eskolaren 2017/18 ikasturteari. Urtero hazten doa egitasmo honetako ikasleen kopurua eta aurten, hamalaugarren promozioarekin, hamabost lagun berri batuko dira esperientzia aberasgarri hau bizi izan dutenen familiara. Eskualdeko hainbat herritatik etorritako jendea bilduko da bertan, baina gehienak Eibarkoak izango dira. Ikasturtea hasi da, baina izena emateko aukera dago oraindik. Bertan aritu direnek aho batez gomendatzen dute esperientzia.

 

Elkar ezagutzeko aukera izan zuten Esperientzia Eskolako hamalaugarren promozioko ikasleek joan den barixakuan. Armeria Eskolak 2017/18 ikasturtearen harrera-ekitaldia jaso zuen, Felipe Zubiate Ikasteneko ordezkariak aurkeztuta, eta Ani Alberdi Ikasteneko presidentearen eta Miguel De los Toyos alkatearen parte-hartzearekin. “Uste duzuena baino gehiago eskainiko dizue ikasturteak”, aipatu zien Alberdik ikasle berriei eta alkateak, bestetik, Esperientzia Eskolaren jarduerek herria aberasten dutela adierazi zien. “Eta lasai egon, nik dakidala inork ez du suspenditu”. Gero, liburuak zozketatu ziren, urtero bezala, eta ekitaldiari amaiera emateko, Esperientzia Eskolan egiten diren jardueren erakusle, ‘La Novena’ Ikasteneko antzerki-taldeak ikuskizuna eskaini zuen.

Ohiko gela txikitik gela handiago batera pasa zuten aurkezpen-ekitaldia, bestea txiki geratzen zen-eta. Izan ere, urteak aurrera joan ahala, Esperientzia Eskolaren familia hazten doa eta denok nahi izaten dute ekintzetan parte hartu. Hori argi ikusi zen barixakuko ekitaldian, jendetza bildu zelako. “Lagun berriekin eta gauzak egiteko gogoarekin irtengo zarete”, esan zien alkateak hasiberriei, eta aurreko edizioetako parte-hartzaileak dira horren erakusle garbiak. Joan den ikasturte amaierako ekitaldian elkarren arteko hitz politak besterik ez ziren entzun, eta garatu zituzten proiektuen berri eman zuten han ere; Eibar eta Soraluzen luzaketak egiteko egitasmoa, kasu.

 

Klase parte-hartzaileak eta irteerak

Maiatzaren 24an amaituko dira klaseak eta astean hiru egunetan elkartuko dira ikasleak (martitzen eta eguaztenetan 9:30etik 12:30era Untzagako Jubilatuen Elkartean, eta eguenetan 10:00etatik 12:00etara Armeria Eskolan). Eva Pérez de Albéniz Esperientzia Eskolako koordinatzaileak azaldu digunez, “gai ezberdinak lantzen ditugu ikasturtean zehar, eta gai bakoitza hiru goizetan landuko dugu gehien jota”. Klaseak parte-hartzaileak izango dira eta ez da azterketarik egingo. Gaian aditua den norbaitek eskainiko ditu klaseak eta ikuspegi praktiko batetik lantzea da asmoa. “Filosofiari buruz ari bagara, adibidez, gai horrek gure bizitzan duen eragina edo eskaintzen dizkigun aukerak jorratzen ditugu”, koordinatzailearen berbetan.

Esperientzia Eskolako parte-hartzaileek, ikasteaz gain, euren proposamenak luzatzeko aukera ere izango dute. “Programazioa hiru hilabetero egiten dugu eta ikasleei ere euren interesekoak diren gaiak proposatzeko aukera ematen diegu”. Gainera, ikasleen parte-hartzea lantzen dute. “Proiektu sozial bat asmatzen, diseinatzen eta martxan jartzen laguntzen diegu kurtso amaierarako”.

Hiru hilabetetik behin landutako gaiekin zerikusia duen irteera bat egingo dute eta, horrez gain, Ikastenek antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzeko aukera izango dute Esperientzia Eskolakoek; Kaleetan Kantuzen, mendian ibiltzen, tertulia kafean, joskintza eta puntoan, ‘La Novena’ antzerki-taldean eta beste hainbat ekimenetan.