Bi lagun atxilotu dituzte 2.700 landare baino gehiago zituen marihuana-plantazioa edukitzeagatik

Bi lagun atxilotu dituzte 2.700 landare baino gehiago zituen marihuana-plantazioa edukitzeagatik
2022/03/03 eta kitto!
Ertzaintzak 45 eta 55 urteko bi gizonezko atxilotu zituen martitzen arratsaldean osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. Poliziak dionez, Eibarko industria-pabiloi batean tamaina ezberdinetako 2.700 marihuana landare baino gehiago aurkitu zituen, eta baita uraren eta ongarrien tangak eta hazkuntzarako beste hainbat elementu ere.

Ertzaintzak industria-nabe bateko lokal batean kontsumo elektriko handia zegoela jakin zuen martitzen goizean, “jarduera eskasa bazen ere”, euren berbetan. Argindarrarekin egiten ari zitekeen iruzurraren jatorria argitu ahal izateko, zaintza-dispositibo bat ezarri zuten eta higiezinaren alokatzaileen identitatea jakiteko zegokion ikerketa egin zuten.

Martitzen arratsaldeko lehenengo orduan, Ertzaintza lokalaren erabiltzaileak identifikatu zituen eta eurekin pabiloian sartu ziren. Behin barruan zeudela, marihuana-plantazio oso teknifikatua instalatzeko jatorrizko sistema elektrikoa aldatu egin zutela ikusi zuten, eta lokala usainak ateratzeko karbono-iragazkiak zituzten sistemez eta ureztapen eta argiztapen sistema automatizatuez hornituta zegoela.