Fernando Bidarte Aspeko buru ohia hil da

Eibartarrak 26 urte egin zituen Aspeko administratzaile bakarraren karguan, eta pilotaren munduan ibilbide luzea egin zuen.
Fernando Bidarte Aspeko buru ohia hil da
2026/09/28 10:32
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Fernando Bidarte Eibarko enpresaria hil da, 73 urte zituela. Aspe pilota-enpresako buru izan zen 26 urtez, eta esku pilota profesionalaren azken hamarkadetako ibilbidean zeresan handia izan zuen. Gaixorik zegoen, eta irailaren 26an hil da; biharamunean 74 urte betetzekoa zen.

Bidartek pilotarekiko lotura familiatik jaso zuen. Enrique aitonak Astelena frontoia kudeatzeko aukera ematen zuten akzioetako bat erosi zuen 1924an, eta ondoren familiak pilota-enpresen eta frontoien kudeaketarekin jarraitu zuen. Fernandok ere Enpresa Batuak taldean jardun zuen, eta, urte batzuk pilotatik aldenduta egon ondoren, Aspe enpresaren jabetzan sartuz itzuli zen pilotaren mundura.

26 urte Aspeko buru

Bidarte 1999ko abuztuan bihurtu zen Aspeko akziodun nagusi, Muntion eta Iturza pilotari ohiek enpresan zituzten partaidetzak erosi ondoren. Akzioen %60 bereganatu zuen, eta urte hartatik aurrera 26 urtez Aspeko administratzaile bakarra izan zen. Tarte horretan, pilotaren eta txapelketen modernizazioan parte hartu zuen.

2025eko otsailean, Aspeko eguneroko kudeaketaren lekukoa Jorge semeari eman zion. Bidartek, hala ere, administratzaile bakarraren karguan jarraitu zuen urte hartako amaierara arte. 2026ko urtarrilean, azken agerraldian, Aspeko zituen akzio gehienak Bainet taldeari saldu zizkiola jakinarazi zuen. Orduan azaldu zuenez, «osasun arazoek» eta «ilusio faltak» bultzatu zuten enpresa uztera. Akzio batzuk beretzat gorde zituen, «modu sinbolikoan», familiak pilotarekiko zuen «maitasunagatik».

Aspeko azken urteak

Bidartek Aspe utzi ondoren, Iker Moranek hartu zuen administratzaile bakarraren kargua. Moran Baineteko finantza zuzendaria zen eta zuzendaritzan arduradunetako bat. Aldi berean, Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL) izena aldatu eta Pilota Pro Liga izena hartu zuen, eta Jose Ramon Garai izendatu zuten kontseilari ordezkari. Garai Bizkaia frontoiaren kudeatzailea eta Baiko enpresako zuzendaria zen. Bi aldaketek Baikoren pisua handitu zuten esku pilota profesionalaren egituran, eta monopolio itxura hartu zuen kudeaketak.

Bidartek, ordea, argi utzi zuen Aspek Baikorekin lehian jarraituko zuela eta enpresak bere izaerari eutsiko ziola: «Aspek berdin jarraituko du, baita kirol arloan ere: Baikorekin lehiatuko da aurrerantzean ere. Aspek bere espirituari eutsiko dio. Pilota profesionala ez da monopolio bat izango».