Bide berri batek lotuko ditu Sakuneko pasealekua eta Itzioko ikastetxea

0    Gizartea 
Ana
Bide berri batek lotuko ditu Sakuneko pasealekua eta Itzioko ikastetxea
2019, Api 24

Eibarko Udalak bere webgunean argitaratu duenez, “proiektu honekin Institutuko ikasleak eta irakasleak erraz eta eroso iritsiko dira Itzioko instalazioetara, hango patioa eta jatetxe-zerbitzua erabiltzen baitute. Obra 74.367,07 euroan atera da lizitaziora (BEZ barne) eta exekuzio-epea hamabi astekoa da.

Eibarko Udalak obrak egingo ditu Zuloaga Institutuaren ostean eta Itzio ikastetxe inguruan, Sakuneko pasealekua berriztu eta Itzioko ikastetxearen patioarekin lotuz, Institutuko ikasle eta irakasleek sarbidea errazago eta erosoagoa izan dezaten Itzioko instalazioetara.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “Udalean ahaleginak egin ditugu ikastetxeen eskari bati erantzuteko, bai ikasleen bai irakasleen segurtasuna bermatze aldera. Gure esku dauden bitarteko guztiak erabiltzen ari gara DBHren bateratze-prozesutik sortutako beharrei soluzioa emateko eta horren erakusgarri da esku-hartze hau”.

Lanen aurrekontua 74.367,07 eurokoa da (BEZa barne). Dagoeneko obra irten da lizitaziora eta eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 7ra bitartekoa da. Lanen exekuzio-epea, adjudikazioaren ostean, hamabi astekoa izango da.

Gaur egun, Itzioko ikastetxera kotxez joan daiteke Arratebidetik eta oinez Aldatzetik edo Arratebidetik. Institutuko ikasleek Itzioko patioa eta jangela-zerbitzuak erabiltzen dituzte eta hara joan nahi dutenean edo jangelako zerbitzuak erabili, Jardiñeta kalea zeharkatu beharra dute eta Aldatze kaleko aldapa igo.

Sakuneko egungo bidea Institutu ostetik doa, baina amaitzen den lekutik Itzioko patiora 35 metro daude. Hain zuzen, zati horretan egingo da obra.

Proiektua aurrera eramateko, bide bat egingo da bi metroko zabalerakoa, Sakuneko bide-amaiera Itzioko patioarekin lotuko duena, lur eta ortuen ezponda zeharkatuz.

Bestalde, eta ortuan eraiki behar den bidea Itzioko ikastetxearen barruan dagoenez, sarbide-ate bat jarriko da bidearen bi zatiak banatuko dituena; halatan, eskolaren lursailetara Institutuko ikasle eta irakasleak baino ez dira sartuko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »