Bigarrenez antolatu dituzten nagusien udalekuetarako toki guztiak bete dira

Bigarrenez antolatu dituzten nagusien udalekuetarako toki guztiak bete dira
2019/06/19 eta kitto!
Bigarren urtez jarraian, gure herriko jubilatuak San Asensiora (Errioxa) La Sallek han dituen udalekuetara joango dira, gaur goizean alkateak, Felix Elkoroiribe Biztu elkarteko presidenteak, Joseba Garcia La Salleko udalekuen arduradunak, Eva Perez de Albeniz Adindu enpresako ordezkariak eta Irune Martinez Burulogy enpresako ordezkariak eman duten prentsaurrekoan aditzera eman dutenez. Esandakoaren arabera, iaz proba gisara antolatu zituzten udalekuetan 16 lagunek hartu zuten parte eta horietako 12k aurten errepikatu egingo dute, “ederto pasatu zuten eta”. Aurtengo udalekuetarako 32 toki eskaini dituzte eta guztiak bete egin dira. Ekainaren 26tik 30era joango dira udalekuetara eta, azaldu dutenez, umeen udalekuetako dinamikari jarraituko diote, “baina pertsona nagusien adinari egokitutako ekintzekin”. Horrez gain, Eva Perez de Albeniz psikologoaren eta Burulogy enpresako arduradunen laguntza izango dute antolatzaileek eta arlo psikologikoa lantzeko tailerrak egingo dituzte.