Bihar Eibarren egongo da Emakumeok Mugimenduan egitasmoa aurkezten duen Txita ibiltaria

Bihar Eibarren egongo da Emakumeok Mugimenduan egitasmoa aurkezten duen Txita ibiltaria
ETA KITTO 2021, Abe 15

Emakumeok Mugimenduan egitasmoa aurkezten duen Txita ibiltaria Gipuzkoako 20 udalerritan ibiliko da abenduan eta urtarrilean eta bihar Eibarrera ailegatuko da, goizeko 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak, emakumea eta kirola programaren baitan, Emakumeok Mugimenduan ekimena jarri du abian. Egitasmoaren helburua emakumezkoen aktibotasuna bistaratzea eta garatzen laguntzea da.

Emakumeok Mugimenduan-en baitan, hainbat ekintza antolatu dituzte Gipuzkoako emakumeen jarduera fisikoa areagotzeko. Horietako bat da Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Soliarioa: 40.000 kilometro, munduari bira emateko. Gipuzkoatik hasi, meridianoa zeharkatu eta Gipuzkoara itzuliko gara, mundua hankaz gora jarri eta gure gizartea hausnarketara gonbidatzeko.

Hala, erronkaren bidez lortutako kilometroekin, emakumeen ahalduntzea sustatzen duten 3 erakunde lagunduko dira. Urtarrila erdialdera jakinaraziko dituzte erakundeen izenak.

Erronka Digital Solidariorako izen-ematea zabalik

Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Parte hartzeko, Kinendu aplikazioa deskargatu eta erronkan izena eman behar da. Une horretatik aurrera, norberak bere mugimendua erregistratu ahal izango du. Urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra batuko dira kilometroak.

Kilometroak, batzeko modu asko daude: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, bakarka edo taldean, kiroldegietan, kalean ala naturan, mugimendu orok batzen du!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »