Bihar hasiko da Minbiziaren kontrako Eibarko I. Lasterketarako izen-ematea

Bihar hasiko da Minbiziaren kontrako Eibarko I. Lasterketarako izen-ematea
2019/05/10 eta kitto!
San Juan jaien atarian, ekainaren 22an egingo den Minbiziaren kontrako Eibarko I. Lasterketa solidarioa aurkeztu zuten eguazten goizean udaletxean antolatzaileek. Jarduera Amaña es la Caña elkartekoek antolatu dute, Eibarko Udalaren, SD Eibar Fundazioaren eta Alzola (Basque Water) enpresakoen laguntzarekin. Agus Gomez Amaña es la Caña elkarteko ordezkariak azaldutakoaren arabera, ekimenarekin gizartea gaixotasunarekin sentsibilizatzea nahi dute eta, horrekin batera, gaitzaren inguruko ikerketetarako dirua bildu. Hain zuzen ere, Nafarroko Unibertsitatean Ignacio Melero inmunologoak minbiziaren inguruan egiten diharduen lana diruz lagundu nahi dute, AECC Minbiziaren Kontrako Elkarteak Gipuzkoan 160.000 euro batzeko bota duen erronkarekin bat eginda.

AECC martxan02

Lasterketa Untzaga plazatik abiatuko da, 11:00etan, eta nahi duen guztiak izango du parte hartzeko aukera. Ibilbideak 3,3 kilometro inguru izango ditu (Untzaga, Fermin Calbeton, Bidebarrieta, Arragueta, Errebal, Toribio Etxebarria, San Andres Pasealekua, Legarre, Barrenengua, Isasi eta Untzaga). Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du, bihartik aurrera eta ekainaren 15era arte, honako tokietan: AECC-Eibarko Minbiziaren Aurkako Eibarko Elkartean (Ardantza kalean), As Burgas Galiziako Etxean, Untzagako jubilatu etxean, Amañako kioskoan, Urkin (Rioja tabernan) , San Kristobalen (Xania tabernan) eta Legarren (Bolintxon). Horrez gain, maiatzaren 18an, 19:00etatik aurrera, Eibar-Bartzelona partiduaren aurretik ere egongo da izena emateko aukera, Ipuruan.  Izena ematen duenak 10 euro ordaindu beharko ditu eta trukean ekimenerako egin duten kamiseta eta dortsala jasoko ditu.

AECC martxan11