Bihar Untzagan egingo den tupper salmentarekin agurtuko dute Zaporeak proiektuari laguntzeko kanpaina

Bihar Untzagan egingo den tupper salmentarekin agurtuko dute Zaporeak proiektuari laguntzeko kanpaina
2020/06/12 09:42
eta kitto!




Martxoaren hasieran aurkeztu zuten hainbat sukaldariren ekimenez, eta Zaporeak taldeko boluntarioen eta beste hainbaten laguntzarekin, Greziako Lesbosen errefuxiatuta daudenenei laguntzeko kanpaina. Iazkoaren bidetik, Ermuan arroza eta Eibarren dilista pardinak biltzea zen asmoa, baina horretan hasi orduko, COVID-19aren pandemia hedatzen hasi eta, aurreikusita zituzten jarduera guztiak bertan behera laga behar izan zituzten. Aste honetan ekin diote berriz ere janaria biltzeari eta bihar emango dute amaitutzat kanpaina, Untzagan egingo den ekitaldiarekin.




Besteak beste Jesus Gonzalez, Maite Gorrotxategi eta Mireia Alonso sukaldariak arduratu dira kanpainaren antolaketarekin eta, oztopoak oztopo, hasitakoa amaitu beharra zegoela erabaki zuten aurreko astean eta atzera ere ipini dute martxan arroz eta dilista bilketa. Aste osoan aritu dira errefuxiatuentzat janaria batzean bi herrietan eta bihar kanpaina amaitzeko ekitaldia egingo dute Untzagan, eguerdiko 12:00etatik 15:00etara.

Mireia Alonso eibartarrak lentejak prestatuko ditu, “barazki, kurkuma, curry eta Alkortak emandako bakailaoarekin”. Eta Jesus Gonzalezek, berriz, paella egingo du, “Lumagorrik emandako Eusko Label oilaskoarekin, 100 bat razio”. Prestatutako janaria etxean jan ahal izateko tupperrak salduko dituzte, 5 eurotan. Sukaldariek azaldu dutenez, “razio osoak saldu beharrean, razio erdiak prestatuko ditugu, horrela tupper batean gauza biak eraman eta biak probatu ahal izateko. Bestalde, janaria eramateko prestatuko diren tupperrak, Zaporeak Greziara lehenengoz joan zenean, hango errefuxiatuei ematen zizkietenak bezalakoak izango dira”. Janaria prestatzeko, probintzia osotik etorriko diren sukaldari askoren laguntza izango dute.

Arduradunek azaldu dutenez, biharko ekitaldian uneoro zainduko dira osasuna babesteko eta segurtasuna bermatzeko bete beharreko baldintza guztiak: Untzaga plaza osoa hesiz inguratuta egongo da, sarrera bakarra zabalduko dute, Calbeton kalearen aldetik, eta irteera ere bakarra izango da, Isasi kaleruntz. Bestalde, aldi berean ez da 25 lagun baino gehiago egongo plaza barruan, “eta ez da pintxo-poterik egingo ezta edaririk salduko. Hartu eta eramateko janaria baino ez da egongo”.







Tupperren salmentari esker biltzen den dirua Zaporeak elkartekoek Grezian martxan duten proiektura bideratuko dute eta gauza bera egingo da rifen salmentako diruarekin: “Martxoan hasi ginen rifak saltzen, euro batean, baina oraindik geratzen dira. Maite egongo da sarreran, saltzen, eta zozketa Untzagan bertan egingo dugu, 14:30ean. Ez da lagako saririk banatzeke, denak emango ditugu. Aurretik erositako rifek ere balio dute, ez bota gero!”. Aipatutako guztiarekin batera, Zaporeak elkarteko boluntarioen mahaia egongo da, baita Ardilek eta Arrate Aranburuk emandako artisautza saltzeko postua ere.

Zaporeak elkarteko boluntarioek 2016az geroztik dihardute Greziako errefuxiatuei laguntzen eta egunero 1.300 otordu prestatu eta bertakoen artean banatzen dituzte.