Bihartik aurrera denda eta negozio txikiak lanean has daitezke, beti aurretik txanda hartuta

Bihartik aurrera denda eta negozio txikiak lanean has daitezke, beti aurretik txanda hartuta
2020/05/03 eta kitto!
Bihartik aurrera (maiatzak 4), denda eta negozio txikiei  ateak ireki ahal izango dituzte, murrizketekin bada ere. 400 metro koadrotik beherako lokalak dituzten eta larrialdi egoera ezarri zenetik itxita egon diren dendak eta zerbitzuak dira bihar berriro ateak irekitzeko aukera izango dutenak, baina baldintza zorrotzak beteta. Horien artean aipagarriena da bezeroek saltokira joan aurretik  txanda eskatu beharko dutela. Txanda hartzea ezinbesteko baldintza izango da bihar hasiko den fasean. Saltoki barruan, langile adina bezero egon ahalko dira une berean. Langileen artean zein horien eta bezeroen artean bi metroko segurtasun distantzia gorde beharko dute, elkarrengandik bereizteko manpara edo salmahairik ezean; hori posible ez den kasuetan (ile-apaindegietan, esaterako), babes pertsonalerako neurriak hartzea ezinbestekoa izango da, maskarak erabilita, besteak beste.

Lokalak egunero bitan desinfektatu beharko dituzte. Arropa edo zapata dendetan bezeroek produktuak dendan probatzeko aukera izango dute; bezero bakoitzak probatzen duen jantzi edota oinetako oro desinfektatu beharko dute ondoren dendaren arduradunek, baita probagela ere -bakarra izan dezakete irekita-, erabilera bakoitzaren ondoren. Langileek lanean erabilitako arropa egunero garbitu beharko dute, ura 60 gradutik gora dela. Bezeroek ezingo dituzte erabili saltokietako komunak eta dendariek gel hidroalkoholikoa jarri beharko dute bezeroen eskura lokalaren sarreran. Bestetik, bihartik irekiko diren dendek eta zerbitzuek lehentasuna eman beharko diete 65 urtetik gorako bezeroei, txanda bidez, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Jatetxeek ere sukaldeak martxan jartzeko aukera izango dute bihartik aurrera, baina eramateko janaria prestatzeko bakarrik. Etxez etxe banatzeko aukera izan dute ostalaritza zerbitzu batzuek orain arte ere, baina bihartik aurrera bezeroen enkarguak jaso, horiek prestatu eta bezeroei bila noiz eta nola pasatu behar duten esanez lan egiten hasteko bidea ireki dute orain.

Gaurko aginduak ez du eraginik alarma egoera hasi zenetik martxan jarraitzen duten saltokiengan; horiek orain arteko neurriak eta baldintzak betetzen jarraitu beharko dute.