[BIZI DEBABARRENA] Eibar: Ixuatik Arratera, Ylenia Bagliettoren eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Eibar: Ixuatik Arratera, Ylenia Bagliettoren eskutik
2022/08/05 eta kitto!
Ylenia Baglietto (Eibar, 1986) bide arrakastatsua egiten ari da antzerkiaren munduan. Aktore eibartarra gelditu barik dabil eta azkenaldian Erresuma antzezlanean ikusi ahal izan dugu, besteak beste. Pasioz eta maitasunez jarduten du, baina oso lanbide zorrotza da aktorearena eta Yleniak eguneroko joan-etorrietatik ihes egiteko ibilbidea proposatu digu.

Eibartar orok ezagutzen du Ixua eta Arrate arteko bidea, baina ezaguna izanagatik ez du bere xarma galtzen. Gainera, bide horrek esanahi berezia du Yleniarentzat. "Umetan aitarekin egiten nuen ibilbidea da", gogoratzen du maitasunez. "Goizetik etxetik irten eta oinez joaten ginen Ixuara. Frito batzuk jaten genituen han, eta gero, Arratera joaten ginen oinez", gehitu du.

Bide horretan Kalamuako lautadatik pasatzen da bidea eta norbaiti Arratera doan bidea oso erraza iruditzen bazaio, Kalamua, Aizketa, Akondia eta Garagoitiko tontorretara igotzeko aukera ere badu bidetik asko aldendu gabe. Bide asko dago, aukera ezberdinak.

Behin Arratera iritsita, han zerbait bazkaltzeko ohitura zutela dio Yleniak. Orain, jatetxe bakarra dago bertan, Tiro Pitxoia, hainbeste urtetan Arrateko ikurra izan den Kantabria jatetxeak itxi berri baitu atea.

XVII. mendean eraikitako elizaz gain, frontoia, sua egiteko parrillak, mahaiak eta zelai handi bat aurkitu ditzakegu Arraten. Yleniak, ostera, beste toki bat nabarmentzen du: gurutzea. "Bueltak ematen genizkion ligatu ahal izateko", diosku barrez.

 

Distantzia: 10 km (Ixua-Arrate-Ixua)

Zailtasuna: Erraza / ertaina

Interes puntuak: Usartza, Kalamua, Akondia,

Aizketa eta Garagoiti gainak

 

ylenia baglietto