[BIZI DEBABARRENA] Elgoibar: San Pedroko parkea, Reyes Padrosen eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Elgoibar: San Pedroko parkea, Reyes Padrosen eskutik
2022/08/12 eta kitto!
Reyes Prados (Sevilla, 1982) Sevillan jaioa da. Han egin zituen Kazetaritza ikasketak, eta lanak ekarri zuen Euskal Herrira, 23 urte zituela. Bilbo ingurura iritsi zen lehenengo, eta hasierako urteak Sevillatik Euskal Herrira bueltaka eman zituen. Orain dela bost urtetik Elgoibarren bizi da, eta Elgoibar, eta oro har, Euskal Herria izugarri gustatzen zaizkiola dio. Gustuko txoko asko ditu, baina Elgoibarren bat aukeratzeko eskatuta Idotorbe-San Pedroko gunea aipatu du: "Elgoibarren dago, baina aldi berean, ez dago Elgoibarren. Herritik gertu dagoen oasis moduko bat da". Herritik hurbil dago San Pedro, eta oinez zein autoz joateko aukera ematen du. Pradosek aitortu du bera ez dela oso mendizalea eta ia beti autoz joaten dela, baina handik abiatuta, mendi ibilaldiak egiteko ohitura daukala. Kalamuara, Morura, Morkaikora edota Arratera oinez joateko abiapuntua da San Pedro herritar askorentzat.

Pradosen ustez, San Pedrok dena dauka, umeen zein helduen gozamenerako. Frontoia, parkea, barbakoa egiteko parrillak, eta batez ere, bistak: "San Pedrotik dagoen ikuspegia zoragarria da, mendi pila bat ikusten dira eta orduak eman ditzaket urrutira begira". Jatetxea ere badago, hamaiketakoa egin edo bertan bazkaltzeko aukera ematen duena. "Askotan egoten gara gu jatetxeko terrazan zerbait hartzen, eguraldi onarekin. Leku aproposa da, eta neguan taberna barruan goxo-goxo egoten da".

Bakarrik zein familian edota lagun artean gozatzeko aukera ematen du San Pedrok, eta elgoibartar askok aukeratzen dute asteburuetan.

 

Distantzia: Elgoibartik 4 km-ra dago.

Zailtasuna: Erraza, autoz edo oinez joan daiteke.

Aipatzekoak: Jatetxea dago, eta baita mahaiak norberak etxetik eramandakoa jateko.

reyes prados