[BIZI DEBABARRENA] Mutriku: Burumendi, Andoni Basterretxearen eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Mutriku: Burumendi, Andoni Basterretxearen eskutik
2022/08/17 eta kitto!
Andoni Basterretxea (Mutriku, 1964) Delirium Tremens taldeko abeslari eta gitarra-jolea da. 1985. urtean sortu zuen taldea Patxi Irisarri eta J. J. Yurritarekin hirukoa osatuz, eta gerora, Iñigo Muguruza batu zitzaien. Handik aurrera, laukote gisa funtzionatu zuten. 1991n desegin zuten taldea, baina 2019an berriz elkartu ziren, Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertu batean parte hartzeko. "Eta, berotu egin ginen", esan du Basterretxeak. "Denok musika joten jarraitzeko gogoz geunden, eta kanta berri batzuk sortzea erabaki genuen, disko berria osatzeko". Horrela, 2021ean, taldea desegin eta 30 urtera, eszenatokietara itzuli ziren.

Mutrikun dauka sorlekua taldeak, Gipuzkoako ipar-mendebaldeko erpinean, Bizkaiarekiko mugan. Iparraldean Bizkaiko golkoa; hegoaldean Mendaro; ekialdean Deba; eta mendebaldean Ondarroa, Berriatua eta Markina (Bizkaia) ditu mugakide. Mutrikuk arrantza bere-berea izan du, eta udalerriaren armarrian ere arpoiz jotako balea ageri da. Bereziak ditu kaleak, eta bereziak inguruak ere. Hondartza du, eta mendiz inguratuta dago. Basterretxeak Burumendi ingurua du gustukoena, ume-umetatik. Hirugarren hondartza gainean dago, flyschean barneratuta. "Umetatik gustatzen zait, oso leku berezia da niretzat. Neguan ere txakurra hartuta, sarritan joan nintzen". Pinuak zeuden lehen, baina orain garbituta dago dena, eta bidea ere berrituta dago: "Pretilean eseri eta itsasora begira egotea gustatzen zait, lasai. Oso leku polita da".

 

Distantzia: Herrian bertan dago, portutik gertu.

Zailtasuna: Erraza

Interes puntuak: Portua, hondartzak, taberna dago

andoni basterretxea