[BIZI DEBABARRENA] Soraluze: Lau baselizen ibilbidea, Pedro Leteren eskutik

[BIZI DEBABARRENA] Soraluze: Lau baselizen ibilbidea, Pedro Leteren eskutik
2022/08/24 eta kitto!
Pedro Lete (Soraluze, 1953) ibiltari askoa da. Ezustekorik ez bada egunero egiten du ibilbide bat, normalean bidegorritik, baina giro ona badago gora, mendira joaten da. Ibiliaz ezagutu ditu ibilbideak. Horietako bat da Lau Baselizen Ibilbidea.

Ibilaldi "oso polita" delako aukeratu du. "Ia lau ordukoa da, baina barruan dago sartuta argazkiak ateratzea gehi paisajeak ikustea", dio Letek.

Ezozi-bidea da abiapuntua, handik gora hartu eta Ezozi auzora jo behar baita. "Ezozikoa da lehen ermita; hura ikusi eta gero gora segi eta bertan dago San Rokeko ermita. Ondoren, hartu behar da hormigoizko bidea, errepide handiko bidegurutzera iritsi arte. Hor, errepidetik beherantz hartu eta San Andres auzora iritsiko zara; han dago hirugarren ermita. Gero, San Andrestik Txurrukarako bidea hartu behar da, bidegurutzera ailegatu arte; han, berriz, beherantz, Osuma baserrirantz, Txurrukara ailegatu arte. Hantxe dago laugarren ermita: San Inazio. Eta ibilaldia borobiltzeko, Txurruka jatetxean hamarretako edo bazkari ederra egin!".

Pedro Letek esan du familian egiteko moduko ibilaldia dela: "Aldapa dago, baina dena da asfaltoa, ez dago harri artean edo sasi artean ibili beharrik, garbi-garbi dago. Nik urtean bizpahiru bider egiten dut. Urtaro guztietan egin daiteke eta bidean denetik ikus daiteke: katamixarrak, azeriak, kukuak... Landare aldetik ere denetik dago, farmazia bat da: berbenak, milamores edo belar bedeinkatua, pasmo belarra, kukufrakak, teresitak, zaingorria, zentaurea, pasiflora... Etorri eta ikusi".

 

Distantzia: 15,29 km

Zailtasuna: Erraza

Aipatzekoak: Ezozi auzoa eta Ezoziko Andre Mariaren ermita, San Roke ermita, San Andres auzoa eta San Andres ermita eta Txurruka auzoa eta San Inazio ermita.

pedro lete