Bizilagunak ekimeneko bazkariak azaroaren 11n egingo dira

Bizilagunak ekimeneko bazkariak azaroaren 11n egingo dira
2018/10/11 10:54
eta kitto!
Azken urteotan egindakoaren bidetik, aurten ere estereotipo eta aurreritziak indargabetzeko asmoz Bizilagunak ekimeneko bazkari multikulturalak egingo dira herri askotan, baita Eibarren ere. Hermen jaiotakoak eta atzerritik etorritakoak mahai baten inguruan elkartzeko antolatzen den ekitaldian nahi duenak har dezake parte, familia moduan, taldean zein banaka izena emanda.

Aurten bazkariak egiteko  azaroaren 11 (domeka) aukeratu da eta, aurrekoetan bezala, ekimenean parte hartzeko izena ematen dutenen etxeetan izango dira. Eibarren, bazkaltzen hasi aurretik, izena ematera animatzen diren guztiak Untzagan elkartuko dira, euren arteko aurkezpena egin eta, jarraian, gonbidatuak jasotzeko izena eman dutenen etxeetara joateko. Datozen egunotan zehaztuko dugu Eibarren izena nola eta non eman daitekeen, baina bien bitartean, norbaitek informazio gehiago jaso nahi badu, ongietorri@etakitto.eus  / immigrazioa@eibar.eus helbidera idatzi edo 943-200918 / 943-708440 telefonoetara deitu dezake. Interneten ere badago ekimenaren inguruko informazio ugari, mugak.eu webgunean.
Horrelako bazkariak antolatzeko arrazoi nagusia elkarrezagutzarako bidea zabaltzea dela diote arduradunek, “asko eta asko garelako, bertakoak nahiz kanpotik etorritakoak, hurbiltzeko urratsa eman nahi genukeenak baina horretarako aukerarik aurkitzen ez dugunak. Eta zinez sinesten dugulako zuzeneko harreman pertsonalean. Uste dugulako esperientzia berriak izatea geure adimena zabaldu eta estereotipoak eta aurreiritziak gainditzeko modurik aproposena dela. Jende berria ezagutuz eta haiekin jardunaz, otordu batez besterik ez bada ere, aukera atsegina eta aberasgarria gerta daitekeelako. Hemengo pertsona askok ez du aukerarik edota ez daki zer egin atzerritik iritsitako pertsonak ezagutzeko, eta alderantziz. Horregatik, halako guztientzat Bizilagunak ekimen hau aukera paregabea da nork bere jakin-mina asetzeko eta bestelako jatorria, kultura, ohiturak edota pentsaerak dituzten hurkoak ezagutu eta ordu batzuk gustura igarotzeko”.
Azken bi urteotan eibartarrak ere animatu gara Bizilagunak egitasmoan parte hartzera eta, iaz, adibidez, 40 bat lagun bildu ziren ekimenaren inguruan. Bazkarien ostean esandakoengatik, denak oso gustora egon ziren, esperientzia ederra begitandu zitzaien eta errepikatzeko gogoz agurtu ziren.

Aurten aperitibo eta guzti
Horrelako bazkari bereziek aperitiboa merezi dutela uste dute antolatzaileek eta, horregatik, urriaren 28an, domekan, Bizilagunak-Zirkus zabalduko dute Donostian, Sagüesen, “giroa prestatzen hasteko eta umorez eta parte-hartze bidez agerian lagatzeko harreman solidarioak eta errespetuzkoak bultzatzen dituen gizarte dibertsoak bai norbera eta bai kolektiboa aberasteko aukera nola ematen digun. Hau izango da aurtengo Gipuzkoa Solidarioa IX.aren ekitaldia”.

bizilagunak 2018 kartela