Bizitza ematea ez ote dago modan? Odol-emaileen falta begibistakoa da

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Bizitza ematea ez ote dago modan? Odol-emaileen falta begibistakoa da
ETA KITTO 2020, Ots 10

Azken aldian ohiturak etengabe doaz aldatzen, batez ere herrialde garatuetan. Horietako bat da boluntarioen falta hainbat ekitaldi eta lanetarako. Bizitzeko hain premiazkoa dugun odolari ere eragin dio moda berri horrek, eta Europa eta estatu osoan arreta ipini dute odol-emaileen faltan. Gero eta jende nagusi gehiago dagoelako, odolaren beharra ere handiagoa delako, eta gazte jendeak bide hori baztertu edo ahaztuta duelako. Jose Mari Lupeña Eibarko odol-emaileen ordezkariarekin egon gara gurean ematen den errealiatearen berri izateko.

Gutxienez 30 urte daramatza Eibarko Odol-Emaileen ordezkari funtzioetan eta gero eta arduratuago dago. Jose Mari Lopeñak ondo gogoan ditu odola emateko saio bakoitzean 70 bat lagun batzen ziren sasoiak, “batez ere Pagaegi kalean geundenean. Hala ere, Anbulatoriora pasatu ginenean bertara ere jendea erruz joaten zen, baina azken urteotan beherakada nabarmena da; orain 30 jasotzen baditugu pozik egoteko moduan gaude”. Horrelako aldaketaren zergatiak hausnartzen hasita, “jendearen borondate faltari” botatzen dio errua Lopeñak, “utzikeriarekin batera”. Hainbeste aldatu ote gara azken aldian, batzuk dioten moduan boluntarioen figura desagertzeraino ia? Jose Marik dio kontrako zantzuak ere ikusten direla: “Istripu larri bat gertatzen denean, orduan inplikatzen da jendea: dei ugari, eta edonondik gainera”. Badago beste gako bat ere odol-emaileen kopurua jaistera bultzatu dezakeena: piercing eta tatuaien moda, gazteen artean hain hedatua dagoena. “Tatuaia txiki bat egiten baduzu, egia da lau hilabete itxaron eta ondoren odola eman dezakezula. Baina gorputza tatuaiaz beteta baduzu, piercing-ak mingainean… ezin duzu, tinta odolera joaten delako”.

Jose Mari Lupeñak urteak daramatza EIbarko odol-emaileen ordezkari.

Lopeñak dioenez, Pagaegin ohikoa izaten zen saio bakoitzean 40-50 lagun batzea odola emateko eguenetan. Orain 20-30 tartea gainditzea oso arraroa izaten da. “Jendea zahartzen doan neurrian ere, laga behar izaten du askotan. Behin jubilatzeko adinera helduta, osasun-arazo gehiago izaten da normalean eta sintrona ere hartu behar izaten dute askok”. Pagaegiko lokala hezetasun-arazoengatik laga zuten batez ere; aurretik Untzagan ateratzen zen odola hainbat urtetan. Ohiturak ere aldatzen joan dira. Jose Marik ondo gogoratzen ditu Juantxo Urigoitiaren aldamenean  egindako lana, Miren Urdanpilleta eta abarrekin: “Orduan izan genituen gure loteria, bazkide babesleak… halakorik gaur egun ez dago, ez. Manso ardoek 20 litroko garrafoia ematen zigun `indarrak berreskuratzeko’, Katillu anaiek ere oso emaile onak ziren, askotan etortzen zirenak”. Orain urtean lau aldiz baino gehiagotan ezin bada odolik eman, orduan bost aldiz eman zezaketen. Horrela jardun zuen Lopeñak ere, odola 120 alditan eman arte; azken aldian, “sendagilearen aginduz” ez du ematen. Emakumezkoen kasuan, lehen lau aldiz eman bazezaketen, orain hirutan dute topea urtero: “Gizonezkook baino bat gutxiago, bestela ere hilerokoarekin odola galtzen dutelako bestela ere”.
Eibar odola ematen puntako herria izan dela dio herriko ordezkariak, baina orain hemen ere jaitsiera igartzen dela gaineratzen digu. Orain badago beste berritasun bat: enpresa handi batzuetan (Tekniker, kasu) bertara joaten direla odola ateratzera, baita ikastetxe batzuetara (Armeria Eskola, Institutua), “eta horrek izan dezake bere eragina, egia esateko”.

Urteroko errekonozimendua
Odol-emaileen borondatezko ahaleginak urtero izaten du errekonozimendua, orokorrean irabazitako plakak banatu eta bazkari baten bueltan antolatzen direnak, probintziako arduradunen presentziarekin askotan. “Bazkaltzera ere ez dira etortzen asko, hori doan dela; eta nahiko meritu egin dituztela halakoak jasotzeko. Debabarrenekook batzen gara, Unzaga Hotelean azken urteotan, eta saria jasotzeko ehundik gora izen izaten dira urtero. Azken urriko edizioan 22 ziren Eibarkoak”. Odola 25 aldiz eman dutenek zilarrezko intsignia eta diploma jasotzen dute; 50 aldiz emanda, urrezko domina eta diploma; 75ekin, markodun koadroa diploma handi batekin; eta 100ekin, monolitoa zenbakiarekin.

Bada jendea odol-analisiak egin behar izaterakoan beldurra izaten duela orratzarekin. Halakoei ere lasai egoteko esaten die Jose Marik: “Orratza handiagoa da eta baita zuloa ere. Horren prozesua azkarra goa da: 2-3 minututan ateratzen dizute 450 zentimetro kubikoak. Eta litro erdi hori berehala errekuperatuko dituzu, likido pixka bat edan eta zeozer pikatu ondoren. Hala ere, beti komeni da lasai hartzea eta 10-15 minutu bertan egitea. Eman eta berehala irtetzen bazara, zorabioa izateko arriskua dagoelako”.

Gazteentzako kanpaina bereziak egitea ez du txarto ikusten, zenbaterainoko arrakasta izango zuen jakin ez arren, “baina denok arduratu behar dugu. Odola beharrezkoa da eta guk dugu emateko aukera; ez da berez sortzen”.

odol emale3

Iazko urrian euren diplomak jaso zituzten Eibarko odol-emaileek.

Odol-taldeei erreparatuta, onena, emaile unibertsala O- da (zero negatiboa, ez O negatiboa), eta hartzaile unibertsala, berriz AB+. Ohikoena, bestalde, O+: hirutik batek, %37,4 du odol mota hori. Positibo guztiei emateko aukera dute, baina jaso bakarrik O+ edo O- taldeetatik. Ematen den kopurua, saio bakoitzeko, ia litro erdikoa da, bi ordutan berreskuratzeko lain kantitate, plaketa eta globulu gorri guztiak berreskuratzeko egun batzuk beharko badira ere. “Behin odola aterata, gaur egun Galdakaora eramaten dira poltsa guztiak; orain dela 3-4 urte Donostiara eramaten zituzten. Baina orain Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako odol guztia Galdakaon zentralizatzen da eta han erabakitzen dute zer behar duten (plasma izan, plaketak…) eta nora banatu”, dio Lapeñak.

Odola ematea erraza da
Odol-emaile izateko betebeharrak honakoak dira: 18 urte eginda izatea (65-70raino), 50 kilo pisatzea gutxienez eta Gorputz Masaren Indizea 19tik gorakoa izatea. Ezingo dute eman IHESa dutenek, B eta C hepatitis pasa dutenek, Chagas gaixotasuna dutenek, eraso epileptikoak izaten dituztenek, gaixotasun kronikoak dituztenek (giltzurrun, birika, bihotza, hipertentsioa) eta koagulazioa arazoek dituztenek.

Odola emateak, bestalde, baditu hainbat onura: zelula berriak sortzen dira gorputzean, infartoak eta bihotzekoak ematea gutxitzen da, triglizeridoak garbitzeko aukera eskaintzen du eta, aurrekoa gutxi balitz, odolaren burdina ere garbitu egiten da.

Europa mailan oso banatuta daude odol-emaileen adin-tarteak, baina osasun agintariek estrategikotzat jo dute indar berezia ematea 18tik 30erainoko tarte horretan ahalegin berezia egitea, belaunaldi ordezkaritza ziurtatzeko, ikastetxeetara zabaltzeraino. Hala ere, odol-emaileen kopuru handiena 30etik 45erainoko tarte horretan ematen da orokorrean. Espainia da odol-emaile kopuru handiena duena; hori bai, emaileak adin horretatik gorakoak dira asko eta asko. Bestalde, O+ eta A+ dira ohikoenak estatuan, bai odola ematerakoan eta baita jasotzerakoan ere.

Odol-ematea munduan
Munduko Osasun Erakundeak eskainitako datuen arabera, munduan urtero ateratako 117,4 milioi odol-unitateetatik %42 diru-sarrera handiak dituzten herrialdeetan ematen dira (munduko biztanleen %16 bizi da bertan). Diru-sarrera txikiak dituzten herrialdeetan, odol-transfusioen %52 5 urtetik beherako umeei egiten zaizkie; bestalde, herrialde aberatsetan odol-hartzaile gehienak 65 urtetik gorakoak dira, guztiaren %75arekin. 1.000 biztanletik, herrialde aberatsetan 32,6 dira odol-emaile, diru-sarrera handi-erdietan 15,1, sarrera erdi-txikietan 8,1 eta sarrera txikiak dituztenetan 4,4.

 

Odol-emaileak Eibarren: 980
Emanaldiak 2019an: 610
Gizonak -ohikoak- (361)
Emakumeak -ohikoak- (237)
Adinaren arabera:
1) 50etik 65era
2) 40tik 50era
3) 18tik 30era
4) 30etik 40ra

 

odola irudia1

odola irudia2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »