Brexita eibartarron ahotik

Brexita eibartarron ahotik
2020/02/14 eta kitto!
Europar Batasunari (EB) agur esan eta bide berri bati ekin zion Erresuma Batuak urtarrilaren 31n. EBtik alde egiten duen lehen herrialdea izan da eta galderaz beteriko etorkizunari begiratzen diote Erresuma Batuko 67 milioi biztanleek. Tartean daude Peio Astigarraga eta Ainara Moreno, Londresen 20 urte baino gehiago bizitzen diharduten eibartarrak. Brexita nola bizi duten kontatu digute.

 

Erresuma Batuak EBko kide izaten jarraitu beharko luke, ala EB utzi?” galdera jaso zuten Erresuma Batuko biztanleek 2016ko ekainaren 23an, eta “EBko kide izaten jarraitu / EB utzi” izan ziren erantzun posibleak. Botoa eman zutenen %51,9k bigarren aukeraren alde egin zuen, hau da, Brexitaren alde (‘British’ eta ‘exit’ hitzen bateraketa, hau da, britaniarra eta irteera berben lotura).

Mundu guztian entzun zen britaniarren erantzunaren eztanda eta oihartzuna ez da mututu oraindik. Ikuspegi berria zabaldu da nazioarteko harremanetan, baina baita Erresuma Batuaren barrenean ere. Akordioak zehazteko sasoia da, Brexit leuna edo gogorra izango den zehazteko ordua, Eskozia eta Ipar Irlandarekin zer gertatuko den erabakitzeko momentua eta, batez ere, britaniarrek dituzten galderak argitzeko unea.

Peio Astigarraga eta Ainara Moreno eibartarrek bi hamarkada baino gehiago daramatzate Erresuma Batuan bizitzen, Londresen hain zuzen ere. Ederki ezagutzen dute herrialdearen errealitatea, eurak errealitate horren parte direlako. Zalantzekin begiratzen diote etorkizun hurbilari, herritarren galdera askok ez dutelako erantzun zehatzik oraindik.

 

Arrazoia: paradisu fiskalak

Udaberrian 27 urte beteko ditu Peiok Erresuma Batuan bizitzen. Eibarrek eskaintzen zizkion lan aukera eskasak eta giroz aldatzeko gogoak eraman zituen Londresera. Lagun batzuen etxean pasa zituen lehen asteak, lana aurkitu arte, eta denetarik egin du ordutik. “Zerotik hasi nintzen eta mota guztietako lanak egin ditut: zerbitzari, platerrak garbitzen, sukaldean... Jende asko ezagutu nuen, lagun minak egin nituen eta, diploma atera ondoren, itzultzailea naiz gaur egun”.

Erresuma Batua 1973an sartu zen Europar Ekonomia Erkidegoan eta 1993an Maastricheko Ituna indarrean sartu zenean Europar Batasuna izena hartu zuen erkidegoak. Hala ere, britaniar askok mesfidantzaz ikusi dute Europarekin izandako erlazioa hasieratik. Lehenik laboristak izan ziren Europaren aurka egin zutenak 1970 eta 1980eko hamarkadetan, Erresuma Batuan neoliberalismoa zabaltzeko tresna bezala ikusten zutelako. Orain, ordea, kontserbadoreek egin dute gogorren Brexitaren alde. Peiok dio berehala antzeman zuela Brexitaren aldeko mugimendua piztu zen momentua. “Krisi finantzarioaren ondoren EBk arazo handi bat zuen: paradisu fiskalak. EBk horrekin amaitu nahi izan zuela esan eta, ondorioz, Erresuma Batua Europatik atera behar zela esaten hasi ziren paradisu fiskaletan interesak zituzten britaniarrak, baina beste aitzakia batzuk erabiliz”.

Londres erdian dagoen City of London eremutik sustatu da Brexita Peioren iritziz. Erresuma Batuko finantzen udal-barruti garrantzitsuena da Citya, eta baita munduko nagusienetarikoa ere. “Finantza paradisuak hemendik kudeatzen dira eta hemengo aberats gehienek atzerrian dute dirua”. Gainera, Theresa May eta Boris Johnsonen gobernuen atzean finantza-erakundeetan interesak dituen jendea egon dela dio Peiok. “Andrea Leadson, Philip May (Theresa Mayren senarra) eta Jacob Rees-Mogg politikariak, adibidez, finantza mundutik datoz”.

 

Gezurrak, negoziaketak eta kaltetuak

Peiok ezin izan zuen erreferendumean bozkatu, ez duelako Erresuma Batuko nazionalitaterik. “Ez nuen atera eta ez dut atera izan nahi. Nahikoa dut nazionalitate eta errege batekin”. Hala ere, oso gertutik bizi izan zuen Brexitaren kanpaina. Bere ustez kanpainan erabilitako aitzakiak eta argudioak gezurrezkoak edo ez errealak izan ziren, “eta horrela frogatu izan da gerora”. Hedabideek izan duten jokabidea salatzen du eta jendearen adierazpen askatasuna urratu zela dio. “Kanpainan ezin zen Brexitaren aurka berba egin eta norbaitek publikoki Brexitaren aurka egiten bazuen, bere aurka jartzen zen mundu guztia. ‘Charachter assassination’ prozesua egiten zuten, hau da, pertsona horren izen onaren eta sinesgarritasunaren aurkako erasoa”. Gainera, Theresa May presidente ohiak kanpainan gertatu ziren irregulartasunak ikertzeko orduan oztopoak jarri zituela salatzen du Peiok. Bere ustez, “erreferendumean Brexitaren aldeko emaitza irten behar zen nahitanahiez”.

Kanpainan erabilitako gezurrak, ordea, Erresuma Batuko gobernuaren aurka itzuliko direla uste du Peiok. “Erabilitako argudioak eta promesak gezurrezkoak edo ez errealak izan direnez, ezin izango dira bete eta desengainu handia egongo da Brexitaren aldekoen artean. EBrekin tratua modu zabalean adostu beharko du Erresuma Batuak, puntuz puntu adosteko urte asko behar direlako eta, horretarako, Europarekiko parekotasun handia mantendu beharko da. Beraz, promestu duten subiranotasun berria eta askatasun magiko hori ez da existituko”.

Abenduaren 31n, 23:00etan (Erresuma Batuko ordua, 00:00etan Euskal Herrian), jarriko da martxan Brexita behin betiko. Beraz, hamar hilabete baino gutxiago dute EBrekin akordio berriak adosteko. “Oso denbora gutxi da adostu beharreko guztia hitzartzeko eta, tratuak egiten ez badira, banaketa bortitza izango da. Inork ez du nahi hori gertatzea”.

EBrekin negoziatzeaz gain, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) du begia Erresuma Batuak eta Donald Trumpen gobernuarekin merkataritza akordioak gauzatu nahi ditu. Peiok, aldiz, errezeloz begiratzen dio kontu honi. “Erresuma Batuak EBtik inportatzen ditu produktu eta zerbitzuen %50, eta AEBk ez du momentu batetik bestera kopuru hori beteko”. Gainera, AEBko produktuen estandarrak onartu beharko dituzte britaniarrek. “Adibidez, elikagaien estandarrekin elikagaiek eduki ditzaketen osagaiak zehazteko, etiketak jartzeko eta animaliei eman ahal zaizkie gehigarriak zehazte orduan, besteak beste”.

Erresuma Batua amerikartzeko bide horretan, AEBko konpainiek osasun zerbitzu britaniarren gainean atzaparrak jartzeko gogo handia dute Peioren iritziz. “Zati bat pribatizatu nahi dute”. Horren ondorioak latzak izango lirateke bere ustez, osasun tratamenduak eta sendagaiak ordaindu ezin duen jendea babesik gabe geratuko litzatekelako.

Amerikartze horretan langileak izango lirateke kaltetuenak Peioren ustez. EBk lan-baldintzen inguruan ezarri dituen neurriak pikutara joango liratekeela eta soldatak jaitsiko direla dio. Ordea, Erresuma Batuak elikagai gehienak inportatu egiten dituztenez, bizitzaren kostua handitu egingo litzateke. “Gaur egun langile arrunt batentzat gauzak nahiko estu badaude, pentsa zer izan daitekeen gero”.

 

Gizarte zatitua

Erreferendumeko emaitza nahiko estua izan zen eta horrek Erresuma Batuko gizartea zatitu du Peioren iritziz. Gainera, azken urteotan xenofobia eta arrazismo gehiago nabaritu dela dio, “baina Londresen gutxiago”. Atzerritarrak Erresuma Batuan sartzeko aukerak mugatzeko argudioa erabili zuten Brexitaren aldekoek, baina Peioren ustez britaniarren aurka egiten du atzerritarrak ez jasotzeko nahi horrek. “Adibidez, azken bi urteetan ez da jenderik etorri sagar- eta marrubi-uztak jasotzera (atzerritarrek egin ohi duten lana da), eta jaso barik geratu dira. Eta guzti hori mugen kontua martxan egon gabe oraindik. Bestetik, Brexitaren aurretik mediku eta erizainen falta zegoen ospitaletan (20.000 lanpostu zeuden bete gabe), baina orain zifra bikoiztu da”.

Egoera horren aurrean ikuspegi koloretsua behatzen du Peiok, “denetik egon behar delako”. Urte honetan zehar Erresuma Batuak hartzen dituen erabakien eta hauek bere bizitzan eragin ahal dizkioten ondorioen arabera erabakiko du han jarraitu edo Euskal Herrira bueltatu. “Itzultzaile lana izaten jarraituko dut, etxebizitza nahiko ziurtatuta dut eta aukerak ditut, baina bizitzaren kostuak gora egiten badu, ez dakit hemen jarraitu ahal izango dudan. Hala ere, hemengo bizimodua maite dut eta familiakoak bezalakoak diren lagun asko ditut, eta ez ditut utzi nahi”. Berak dioen bezala, Peioren egoera ez da larria izango, baina Erresuma Batuan bizi diren atzerritar guztiek ez dute Peioren egoera berdina bizi. “Nik ez dut arazo handirik, baina askok ez dute nik dudan zortea”.

 

Mundua zoratuta dago

Ainara Moreno 1997an iritsi zen Londresera unibertsitateko lagunekin, “ingelesa praktikatzeko asmoz”. Melbournen (Australia) hiru urtez bizi ondoren, Londresera bueltatu zen eta han bizi da ordutik. St. Mary’s ospitalean egiten du lan mediku obstetriko baten bulego-arduradun bezala, eta gustora bizi da Phil senarrarekin eta Asier eta Nerea seme-alabekin.

Peio bezala, Ainarak ez du pasaporte britaniarrik eta ezin izan zuen erreferendumean botoa eman, baina haserretu egin zen britaniarrek hartutako erabakiarekin. “Ez genuen espero erreferendumean Brexitaren aldeko botoak irabaztea, baina mundua zoratuta dago! Donald Trump AEBn, eta Brexita eta Boris Johnson hemen... Pentsa!”. Bere ustez erreferendumean bozkatzeko orduan jendeak ez zuen benetako gogoeta egin eta, gainera, manipulazioa egon zela dio. “Jende askok ez zekien Brexita zer izango zen eta inork ez zuen argi zeintzuk izango ziren horren ondorioak. Politikariek ez zituzten gauzak ondo azaldu, baina orain ondorioak ordaintzeko unea heldu da”.

Ainara denbora luzez bizi da Erresuma Batuan eta bere iritziz herrialde independentea izan da beti. “Ez dugu eurorik, libra baizik, eta arlo ekonomikoan Commonwealtheko (Britaniar Inperioaren menpe zeuden lurraldeen mankomunitatea) herrialdeen laguntza dugu. Erresuma Batuak herrialde aberats eta garrantzitsutzat du bere burua eta uste du ez duela EBren beharrik. Nire ustez ez da horrela. Gobernuak erabaki txarrak hartu ditu eta akatsak egiten ari da”.

Ainarak ez ditu Brexitaren ondorioak nabaritzen oraindik eta 2021ra arte itxaron beharko dela dio. “Momentuz, Europako Parlamentuan ez dago Erresuma Batuko parlamentuko kiderik, besterik ez”. Hemendik aurrera emango diren pausoak garrantzitsuak izango direla uste du, Erresuma Batuaren lehentasuna EBrekin merkataritza akordioa negoziatzea izanik. “Erresuma Batuak EBren ondasun eta zerbitzuetarako ahalik eta sarbide handiena nahi du, baina herrialde guztiak ados egon behar dira eta hitzaldi formalak martxoan hasiko direla diote”.

Egunerokoan ere ez du aldaketarik igarri momentuz eta ez du uste aldaketa handirik ikusiko dutenik. “Hala ere, bisa beharko dugu EBko herrialdeetara bidaiatzeko eta Europako produktuak garestiagoak izango dira dendetan”. Bestetik, atzerritarrek jasotzen duten tratamendua ez da aldatu bere ustez, “Londresen bertan”, eta bertan bizitzen jarraituko du. “Gurasoak eta anaia Xabi askotan etortzen dira, baina Eibar bihotzean dut beti. ‘So, never say never’ (Beraz, inoiz ez esan inoiz)”. EBk ere gauza bera esan dio Erresuma Batuari eta ateak zabalik utzi dizkio berriz sartu nahi izanez gero.