COVID-19a norberak detektatzeko testak aste honetan eskuratu ahal izango dira farmazietan

COVID-19a norberak detektatzeko testak aste honetan eskuratu ahal izango dira farmazietan
2021/07/19 17:02
eta kitto!
Aste honetan bertan errezetarik gabe eskuratu ahal izango dira COVID-19a norberak detektatzeko testak. Bihar, asteartea, Ministroen Kontseiluak baimen hori onartzea espero da eta, behin Estatuko Aldizkari Ofizialen argitaratuta, datozen egunotan edozeinen eskura egon litezke proba horiek farmazietan.

COVID-19a autodiagnostikoko testak detekzio azkarrekoak dira. Kasu horretan, sudurretik sartzen den isipu bat jarriko da. 15 edo 30 minuturen ostean, emaitza lortuko da. Farmaziek jarduketa-gidak prestatuko dituzte, profesionalek pazienteei behar bezalako informazioa emateko eta testak behar bezala egiten direla bermatzeko. Probek emaitza ahalik eta zuzenena emateko, "infekzioa gertatu denetik 7 egunen barruan edo sintomak hasi diren egunetik 5 egunen barruan egin behar dira. Hortik kanpora emaitza ez da fidagarria izango", azaldu du Olatz Cuevas Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko kideak. BEZetik salbuetsia egongo dira eta 10 eta 15 euro artean balioko dute

Gipuzkoako Farmazialarien Elkargotik hasieratik begi onez ikusi dute test hauek herritarren esku jartzea, "ondo erabiltzen badira, pandemiaren kontrolerako positiboak izan daitezkeelako". Halere, badute kezka bat: "ez dago inongo protokolorik test horien atzean eta, beraz, emaitza positiboa lortuz gero, norberaren ardura izango da osasun zerbitzuari jakinaraztea".