Debabarreneko Alternatiben Azoka egingo da ostiralean Eibarko Bizikleta Plazan

Debabarreneko Alternatiben Azoka egingo da ostiralean Eibarko Bizikleta Plazan
ETA KITTO 2019, Eka 10

Eibar eta Ermuko Ernaik antolatuta, ostiral honetan (ekainak 14) Debabarreneko Alternatiben Azoka egingo da Eibarko Bizikleta Plazan, arratsaldeko 17:30-etik aurrera (euria egingo balu, udaletxeko arkupeetan). Irati Gabirondo eta Aitor Aizpuru Eibarko Ernaiko kideek azaldutakoaren arabera, “Alternatiben Azoka antolatzeko ideia ez da beste barik sortu, aurrera begira bi edo hiru urterako proiektuaren harira baino. Guk `Euskal Herrian Bizi´ deitu dugun dinamika horren barruan, gaur egun indarrean dagoen eredu kapitalistak gazteoi prekarietatea (lanordu amaigabeak, soldata kaxkarrak…) besterik ez digula ekartzen pentsatzen dugu askok. Horregatik, azken aldian horren inguruko hausnarketa egin eta egoera salatzeko ekimenak garatu ditugu. Baina salaketa egiteaz haratago, orain alternatibak plazaratzeko ordua ailegatu zaigu. Izan ere, beste aukerarik ez dagoela sinetsarazi nahi izan diguten arren, jakin badakigu beste alternatiba batzuk badaudela, bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomikoak”.

Gauzak horrela, “Debabarrenean prekarietatera kondenatzen gaituen krisi sistemiko hau iraultzearekin batera alternatibak eraiki nahi ditugulako” egingo da datorren asteko azoka. Aurreratu digutenez, Eibarko Bizikleta Plazan postu ezberdinak ipiniko dituzte, “barixakua izanda, modu arin batean gazteei zein gainontzeko herritarrei alternatiba horien berri emateko”. Ernaiko kideak ez ezik, Eibarko Gazte Mugimenduko eragile ezberdinak bilduko dira: “Ermuko Nü Shu gazte feministen taldekoek ekonomia eredu feminista aurkeztuko dute, Jaixak Herrixak Herrixandakok jaiak antolatzeko eredu propioa, Topatu Euskal Herriko proiektu komunikatiboa ezagutzera emango dute, hainbat autonomok ere hartuko dute parte, bakoitzak bere proiektuarekin eta EH Beer Koop hemengo garagardoarekin dastaketa egingo dugu, besteak beste”.

Azokaren inguruan solasaldiren bat egitea ere aurreikusi dute: “Ekonomia sozial eraldatzaileen inguruko solasaldiren bat egingo dugu, horrelako eredu alternatiboak babesten dituzten OlatuKoop eta KoopFabrika modukoen inguruan berba egiteko”.

Ekainaren 15ean Gasteizen
“Bizitzak Biziarazi. Prekarietateari aurre egiteko martxan!” goiburuari jarraituta, Eibarren bezala beste herri batzuetan ere eskualde mailako hainbat jarduera egingo dituzte hilaren 13 eta 14an eta ekainaren 15ean, berriz, Gasteizen egun osorako egitarauarekin biribilduko dituzte ekimenak. Gazteen berbetan, “alternatiben eraikuntzaz bizitzak erdigunean jarri eta kapitalari planto egiteko borrokara batzeko gonbita egiten diogu jende guztiari, hau hasiera besterik ez da!”.

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »