Debabarrena eskualdeko mankomunitateak eta Ecoembes-ek udaletarako birziklatze-proiektu bat jarri dute martxan

Debabarrena eskualdeko mankomunitateak eta Ecoembes-ek udaletarako birziklatze-proiektu bat jarri dute martxan
2018/09/05 eta kitto!
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak eta Ecoembesek ontzi arinak eta papera eta kartoia biltzeko proiektu bat jarri dute martxan, Mankomunitateko Udal guztientzat. "Udal-instalazioetan gaikako bilketa areagotzea da ekimenaren helburua. Horretarako, 87 ontzi urdin banatu dira guztira, papera eta kartoia biltzeko, eta 97 ontzi hori gehiago ontzi eta bilgarrien gaikako bilketarako, eskualdeko udalerri guztien artean". Aldez aurretik, udalek establezimenduen premiak zehaztu dituzte eta ontzien eta paper eta kartoiaren gaikako bilketarako ontzi berriak non kokatu behar diren adierazi dute. Ondoren, udal bakoitzak ontziak banatuko ditu eraikin bakoitzaren premien arabera, udalaren gaikako bilketa-tasak handitzeko helburuarekin. Arcadio Benítez Mankomunitateko presidenteak ekimen positiboa dela adierazi du, baina gogora ekarri duenez, “gaikako bilketa areagotzeko, guztion konpromisoa behar da”.



Gaikako bilketarako ontzi berriak kokatzeko honako eremu hauek hautatu dira: frontoiak, liburutegiak, ludotekak, zahar-etxeak, kiroldegiak, bilera-aretoak, turismo-bulegoak, herritarren arretarako bulegoak, futbol-zelaiak, musika-eskolak, etab.

Proba pilotua Eibarren

Aldi berean, Eibarren ontzi arinak birziklatzeko proiektu pilotu bat garatu da, HORECA kanaleko establezimenduetarako (hotelak, jatetxeak, kafetegiak, etab.) soilik.

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak eta Ecoembesek elkarlanean bultzatutako ekimenaren helburua da ostalaritza-establezimenduek ontzien gaikako bilketan duten parte-hartzea areagotzea. Lehen fase batean, HORECA kanala osatzen duten establezimenduen inbentarioa egin da: hotelak, jatetxeak, kafetegiak, etab. Jarraian, establezimenduek birziklatze-alorrean dauzkaten premiak eta birziklatzeko dituzten arazoak erregistratu dira, eta bakoitzaren eremuan gaikako bilketarako iglu berriak kokatu behar ote ziren ere aztertu da. Guztira 83 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, eta horietatik 24ri baliabideak eman zaizkie ontzi arinen hondakinak behar bezala bereizteko aukera izan dezaten.

Azkenik, establezimendu guztiei prestakuntza eskaini zaie hondakinak behar bezala bereizteko modua erakusteko, eta birziklatzeari buruz informatzeko materialak eman zaizkie, baita ekimenean parte hartu dutela egiaztatzen duen zigilu bat ere. Prozesuaren barruan jarraipena egingo da, establezimendu bakoitzean proiektua nola garatzen ari den jakiteko eta hobetu beharrekoak zehazteko.