EAEko probintzien arteko mugikortasuna mugatu du berriz LABIk

EAEko probintzien arteko mugikortasuna mugatu du berriz LABIk
2021/01/11 eta kitto!
Eusko Jaurlaritzaren ustez “egoera epidemiologikoa kezkagarria da” eta, “ziurgabetasun handiko testuinguruan” goranzko joera dagoela berretsi denez, eguaztenean indarrean sartuko diren neurri zorrotzagoak ezartzea erabaki du gaur goizeko bileran. Besteak beste, EAEko probintzien arteko mugikortasuna mugatuko da eta, ondorioz, gipuzkoarrak Gipuzkoan zehar bakarrik ibili ahal izango dira, bizkaitarrak Bizkaian eta arabarrak Araban.

Eremu gorrian dauden udalerrietan (100.000 biztanleko 500tik gorako tasa dutenetan) udal-konfinamendua ezarriko da eta ezin izango da bertatik sartu edo irten. Udalerri horietan ezingo da alboko udalerrietara joan-etorririk egin, taldeko kirol jarduerak etenda geratuko dira eta ostalaritza itxi egingo da (orain arte bezala).

Neurri berriekin jarraituz, 150m2-tik gorako merkataritza-establezimenduetako edukierak % 40ra murrizten dira, eta 150m2-rainoko azalera duten establezimenduetako edukierak % 60koa izan beharko du.

Hemendik aurrera, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 baino gutxiago duten herrietan eskola-kirola berrekiteko baimena eman dute (soilik entrenamenduetan), profesionalak ez diren dantza-taldeen entseguak baimentzen dira, eta jokoaren eta apustuen sektorea berriz irekitzeko aukera dago.

Neurri berriez gain, aurretik hartutako hainbat erabakirekin jarraitzea erabaki du LABIk: Euskadiren itxiera perimetrala, gehienez 6 pertsonako taldeak biltzea, gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea, merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera lagatzeko gehieneko ordutegia 21:00etan izatea, kultur-aretoetako gehieneko edukiera %35ean mugatzea, musika- eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera lagatzea, eta ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara izatea.