Egogain egoitzako langileek eta egoiliarrek jasaten duten egoera salatu dute sindikatuek

Egogain egoitzako langileek eta egoiliarrek jasaten duten egoera salatu dute sindikatuek
2020/04/10 eta kitto!
Egogain zaharren egoitzako langileek eta egoiliarrek jasaten duten segurtasun falta salatzen dute LAB, ELA eta CCOO sindikatuek, naiz.eus-ek gaur jakinarazi duenez. “Segurtasun neurriak ez dira era egokian betetzen ari”, sindikatuek adierazi dutenez, “ez Estatutik agindutakoak ezta Osakidetzak zehaztutakoak ere”.

Naiz-en informazioaren arabera, solairu guztietan koronabirusaren proban positibo eman dutenak, sintomak dauzkatenak eta sintomarik gabeko egoiliarrak daude. “Positiboak geletan isolatuta dauden arren, zaintzaile berberek hiru egoeratako egoiliarrak zaintzen dituzte”. Eta zera gehitzen dute: “Eguneko zaintzaileak ez dira solairuz aldatzen, baina erizainak bai: txanda bakoitzean bi erizain daude etxe guztirako, positiboei eta negatiboei arreta emanez. Eta gaueko zaintzaileek ere egoitza guztiko erabiltzaileak artatzen dituzte”. Gainera, jangelako, garbiketako eta mantentze lanetako langileak etxe osotik ibiltzen direla azpimarratzen dute. “EPI egokirik gabe, baita langileen uniformeak (zikinak eta garbiak) manipulatzen dituztenek ere”.

Sindikatuek diote Aldundiak emandako NBEak ez direla nahikoak guztiontzako eta langileek euren kabuz lortu dituztela. Maskarak Elgoibarko ikastetxe batek eman dizkie eta 3D inprimagailuekin egindako babes biserak Armeria Eskolak.

Sindikatuek diotenez, gainera, langileen falta inoiz baino nabarmenagoa da eta zaintzaileek ezin dituzte egoiliarren oinarrizko beharrak ase. “Batzuetan lanorduak luzatzen eta atsedenik hartu ezinik ari dira lanean”.