Eibarko Baso Biziak: “Bazkide kopurua bikoiztu nahiko genuke, hau da, 200 kideko langa gainditzea”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibarko Baso Biziak: “Bazkide kopurua bikoiztu nahiko genuke, hau da, 200 kideko langa gainditzea”
ETA KITTO 2022, Mar 18

Eibarko Baso Biziak elkarteak bazkide kanpaina jarri du martxan, jarraitzaileak bikoizteko asmoz. Eibar inguruko basoak kontserbatzeko eta berreskuratzeko helburua du taldeak eta, horretarako, ezinbestekoa izango da herritarren ekarpena. Izena emateko eibarkobasobiziak@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

 

eibarko baso bziak kanpaina

 

Zertan datza abiatu duzuen kanpaina? Zeintzuk dira zuen helburuak? Kanpaina honen bitartez zenbat bazkide lortzea nahiko zenukete?

Bazkide berriak lortzeko ekimena jarri dugu abian eta, horren bitartez, orain dugun bazkide kopurua bikoiztu nahiko genuke. Hau da, 200 kideko langa gainditzea.

 

Kanpainaren aurrean zer moduzko erantzuna jaso duzue jendearen partetik?

Barixakuan hasi genuen kanpaina eta oraindik goiz da emaitzei buruz berba egiteko, baina momentuz ezin gara kexatu.

 

Zapatuan Untzagan postua jarri zenuten kanpainari buruzko informazioa eman eta bazkide berriak lortzeko. Antzeko ekintza gehiago egingo dituzue?

Bai, martxoan zehar, hiru asteburutan, leku desberdinetan egongo gara informazioa ematen eta bazkidetza eskariak jasotzen. Barixakuetan Urkizun egongo gara, zapatuetan Untzagan eta Zuhaitz Egunean, hilaren 20an, Amañan jarriko dugu informazio guneak.

 

Diru ekarpena hiru modutan egiteko aukera ematen duzue: urtean 60 euro ematea, 18 urtetik beherakoek 5 euro edo, bakoitzaren egoera ekonomikoaren arabera, ahal dena ematea, aipatutako zifren gainetik edo behetik. Zer egingo duzue jasotako diruarekin? Zein ekintza egiteko asmoa duzue?

Printzipioz, bazkideko 60 euroko kuota ordaintzen da urtean. Bestalde, familia asko gerturatu zaizkigunez kide guztiak bazkide izateko asmoarekin, familiei kuota nabarmen murrizten diegu. Hortaz gain, ongi etorriak dira norberak ahal duena emateko prest datozen bazkideak, errealitate ekonomikoa ez baita guztiontzat berdina.

Eibarko Baso Biziak taldearen helburuak gure inguruko lurretan dauden bertako basoak kontserbatzea eta berreskuratzea da, baita ekosistema horiei lotzen zaien biodibertsitatea mantentzea: bertako basoa sustatuz, landare eta animaliei babeslekua eskainiz eta errekak osasuntsu mantenduz. Guzti hori, gure bizi kalitatea hobetzeko eta Eibar bizigarriago bat eraikitzeko helburuarekin.

Horretarako, hainbat ekimen bultzatzen ditugu: erreka eta inguruak garbitzeko ekimenak egin eta bultzatu, landaketak egin, naturarekin zerikusia duten mendi irteera didaktikoak antolatu, hitzaldiak antolatu, material pedagogikoa sortu, lurrak erosi, kustodiak bultzatu, eta abar.

 

Elkarteak bi urte daramatza martxan. Nolako ibilbidea egin duzue orain arte? Pozik zaudete egindakoarekin? Zer geratu zaizue egin barik edo zer ezin izan duzue egin?

Egia esan, ez gara gelditu ere egin. Lan asko egin dugu. Hasiera batean antolatze eta sendotze aldera jarri genituen indarrak. Taldea finkatu genuenean, helburu eta ekimen zehatz batzuk ezarri eta hari ekin genion. Egin dugun guztiarekin oso pozik gaude, nahiz eta naturaren egoera ikusita orain arte egindakoa nahikoa ez den. Errealistak izan behar dugu eta pausoz-pauso joatea da zuzenena. Gure inguruan asko dago hobetzeko, baina lehentasunak markatzea garrantzitsua da.

 

Herriak nola erantzun die zuen ekimenei? Eta erakundeek?

Oso harrera ona eduki dugu, benetan eskertzekoa da jaso dugun erantzuna. Antolatu ditugun ekimenetara jende asko batu zaigu, askok eta askok esaten digute bazela ordua Eibarren naturaren aldeko lan talde bat egoteko. Badago naturarekiko kontzientzia gure herrian.

Bestalde, erakundeekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu, baliabide guztiak gutxi direlako ingurumenaren hobekuntzari buruz dihardugunean.

Erakundeek ere lehentasunak markatzea ulertzen dugu, baina harremanetan jarri garenean ondo erantzun dute. Nork ez du nahi gure mendietan baso biziak eta erreketan arrainak ikustea?

 

Gaur egun nola dago egituratzen duzue elkartea? Lan-taldeak daude? Zenbat lagunek hartzen dute parte erabakietan?

Eibarko Baso Biziak taldean 25 lagun gaude gutxi-gora-behera, 5 taldetan banatuta: komunikazioa, harremanak, ekonomia, koordinazioa eta pedagogia.

 

Martxoaren 20an Zuhaitz Eguna egingo da Eibarren. Nolako ekintzak egingo dituzue?

Udalak, Klub Deportiboak eta guk elkarlanean antolatzen dugun ekimen honetan bertako zuhaitzen landaketa egingo da Lindarin.

 

Hilaren 26an, bestetik, mendi-irteera kulturala egingo da Korrika Kulturalaren barruan. Nolako ekintza izango da?

Antolatu den ibilaldian, Urkoko kobazuloa bisitatuko dugu eta Eibarko Baso Bizikoek hitzaldi labur bat emango dugu inguruan ikusten den basogintzari buruz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »