Eibarko haur-parkeak astelehenean zabalduko dira, prebentzio neurriak hartuta

Eibarko haur-parkeak astelehenean zabalduko dira, prebentzio neurriak hartuta
2020/06/21 eta kitto!
Eibarko haur-parkeak astelehenean (ekainak 22) zabalduko dira berriz ere, COVID-19ak eragindako alarma-egoera indarrean sartu zenetik itxita egon ondoren. Guztira 40 dira Eibarren  haurrentzako dauden  jolas-parkeak, hainbat gune eta auzotan banatuak.



Eibarko Udalak dei egiten die "gurasoei edo adin txikikoak euren kargu dituzten pertsonei, arduraz jokatzeko". Hainbat segurtasun- eta higiene-neurri hartuko dira: instalazioak aldiro desinfektuko dituzte, erabiltzaileen arteko tarte zaindu beharko da, eta, tarte horiek uzterik ez dagoenean, maskarillak erabili beharko dira. Gainera, Udaletik azaldu dutenez,   pertsona asko elkartzea saihestu beharko da.

Haur-parkeez gain, astelehenetik zabalik izango dira aire librean ariketak egiteko makinen instalazioak, hain zuzen ere, Amañan (Berdintasunaren pasealekua) eta Azitainen daudenak.

Udaltzaingoak, Zerbitzu sailak eta Mankomunitateak jaso dituzte dagoeneko beharrezkoak diren instrukzioak, parkeak egoki erabiltzen direla bermatzeko eta neurriak aplikatzeko.

Parke berriak
Batetik, Polonia Etxeberrian (Rioja tabernaren parean) dagoen haur-parkea osorik berriztu da. Azaldu dutenez, "Urbabil 2000 enpresak, 20.417 euroko inbertsio batekin, parkea eraberritu du, eta jolas berriak jarri (ziburuak, txirristak eta beste egitura batzuk); zoruak ere zaharberritu egin ditu".

Eta, bestetik, gune berri bat sortu da aire librean ariketak makinetan egiteko Ubitxan dagoen parkean (Polonia Etxeberria eta Unberako igoeraren arteko bidegurutzean dagoen plazoletan).  Instalazio horren kostua, Amañan eta Azitainen daudenei gehitzen zaiena, 20.711 eurokoa da, eta lanak Hags-Swelek enpresak egin ditu.