Eibarko herriak 3.000 euro bideratuko ditu Ukrainan gerrak eragindako ondorioak arintzera

Eibarko herriak 3.000 euro bideratuko ditu Ukrainan gerrak eragindako ondorioak arintzera
2022/03/01 eta kitto!
Mundu mailan egin den laguntza- eta lankidetza-deiari erantzunez Eibarko Udalak atzo erabaki zuen 3.000 euro ematea laguntza humanitario gisa Ukrainan gertatzen ari den gerraren ondorioak arintzeko.  Gurutze Gorriak kanpaina bat prestatu du funtsak jasotzeko, eta erakunde horren bidez bidaliko da eibartarron laguntza ere.

Dagoeneko ondorio humanitario larriak eragiten ari den egoera kezkagarri horren aurrean, Ukrainako Gurutze Gorria eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea zuzenean ari dira lanean biztanleria zibilarekin, lehen laguntzak eta premiazko produktuak ematen: edateko 30.000 litro ur baino gehiago eraman dute eskualde kaltetuenetara, eta herrialdetik ihes egiten ari diren pertsonei babeslekua eta higiene-kitak, norbera babesteko ekipoak eta arropa ematen dizkiete.

Udal aurrekontuek 6.000 euroko partida erabiltzen dute urtero honelako premiazko laguntzetarako.

Zehazki, 2021ean, Eibarko Udalak hainbat laguntza onartu eta bideratu zituen (laguntza bakoitza 2.000 eurokoa), Gazako gatazkaren, Haiti suntsitu zuen lurrikararen eta La Palma uharteko sumendiaren erupzioaren biktimei laguntzeko.