Eibarko ikasleak ikastetxe barruan egongo dira, patiora irten gabe

Eibarko ikasleak ikastetxe barruan egongo dira, patiora irten gabe
ETA KITTO 2020, Ots 17

Eusko Jaurlaritzak ostiralean emandako aholkuak kontuan hartuta eta Hezkunta Sailetik egindako gomendiei jarraituz, Eibarko ikastetxeetako ikasleen jarduera guztiak eraikinen barruan egingo dira. Ikastetxeetan gaur bertan hartutako neurria da hau, eta informazio zehatzagoa izan arte horrela jarraituko dutela adierazi diete gurasoei. Beraz, ikasleak ikastetxe barruan egongo dira, patiora irten gabe. Leihoak ez dira zabalduko, gune estali eta itxietan egongo dira, eta heziketa fisikoko klaseak gune itxietan emango dituzte.

Otsailaren 14an, ostiral arratsaldean,  eman zituen Eusko Jaurlaritzak ezagutzera zabortegiaren inguruko dioxina eta furano mailak. Neurketa otsailaren 9an egin zuten eta 5 egun geroago iritsi ziren. Osasun sailetik azaldu zutenez, “dioxina eta furano maila altuak topatu dira.  Dioxina tasak zentro urbano batean egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak dira”. Hori dela eta, inguruan dauden herrietako etxeak ahalik eta gutxien aireztatzeko (batez ere, gauez leihoak itxita eduki) eta kanpoan ariketa fisikorik ez egiteko aholkuak eman zituzten.

Egun honetatik ez dago dioxina eta furanoei buruzko  informazio gehiagorik, eta beste 4 edo 5 egun pasatu beharko dira informazio gehiago izateko.

Bestalde, SD Eibar Futbol Eskolako entrenamenduak bertan behera geratu direla adierazi dute.

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »