Eibarko ikasleek Ahotsak-eko hainbat pasarte transkribatu dituzte

Eibarko ikasleek Ahotsak-eko hainbat pasarte transkribatu dituzte
2023/02/08 16:37
eta kitto!
Eibar BHIko Batxilergoko 2. mailako ikasleek hainbat pasarte transkribatu dituzte urte hasiera honetan. Mendebaldeko euskalkia lantzen jardun dute Amaiur Aramaio irakaslearekin eta euskalkien ezaugarrien hobeto jabetzeko egin dute transkripzio lana, taldeka. 45 ikaslek hartu dute parte ekimenean eta Lekeitioko, Ondarroako, Ermuko, Eibarko eta Bergarako 37 pasarte transkribatu dituzte guztira.

Eibartarrek grabatutako pasarteak Ahotsak.eus webgunean daude ikusgai eta, horrez gain, Azkoitia BHIko DBHko 2. mailakoek 2022ko azaroan transkribatutako lanak ere igo berri dituzte. Azkoitiarrek Beñat Urkiza euskara irakaslearen gidaritzapean egin dute lana eta guztira 55 ikaslek hartu dute parte, 50 pasarte transkribatuz.

Ahotsak-ek Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat institututako ikasleen transkripzioak sareratu ditu 2009tik hona. Normalean, euskara irakasgairako eta euskalkiak lantzeko lan osagarri modura egin izan dituzte pasarteen transkripzioak.