Elgoibar eta Bilbo arteko zuzeneko autobus zerbitzua jartzeko eskatu du Elgoibarko Udalak
Elgoibarko Udalak Elgoibar eta Bilbo arteko autobus zerbitzu zuzen eta erregularra ezartzeko eskaera formala egin dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Udalak azaldu duenez, herritarren aspaldiko eskaerari erantzutea eta Debabarrenean auto pribatuaren ordezko aukera bat eskaintzea da helburua.
Bizkaiko Aldundiak aurrez baztertu zuen zuzeneko konexioa ezartzea, Eibarren dauden autobus-aldaketak nahikotzat jotzen zituelako. Elgoibarko Udalaren arabera, ordea, Eibarren autobus aldaketa egin beharrak bidaia luzatu eta garraio publikoa erabiltzea zailtzen du, batez ere lanera edo ikastera joaten direnentzat.
Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak adierazi duenez, garraio publikoa sustatu eta AP-8ko ibilgailu kopurua murriztu nahi bada, «herritarrei benetako aukerak» eskaini behar zaizkie. Haren esanetan, Eibarren autobusaren zain egon beharrak eta puntako orduetan autobusa beteta aurkitzeko arriskuak auto partikularra erabiltzea bultzatzen dute.
Hiru aukera proposatu ditu Udalak
Zuzeneko zerbitzuaren bideragarritasuna aztertzeko, Elgoibarko Udalak hiru aukera proposatu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari. Batetik, puntako orduetan zuzeneko autobusak indartzea, lanera eta unibertsitatera joateko sarrera eta irteera orduetan. Bestetik, A3926 linea Elgoibarreraino luzatzea. Azkenik, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundien arteko hitzarmena egitea proposatu du, zerbitzua elkarrekin finantzatu eta administrazioen arteko oztopoak gainditzeko.
Udalak adierazi du erakundeekin lanean jarraituko duela Elgoibarrek garraio publiko bidezko konexio eraginkorragoak izan ditzan.