Eibarko pentsiodunek zapatu eguerdirako manifestazioa deitu dute, hilaren 29ko mobilizazioaren atarian

Eibarko pentsiodunek zapatu eguerdirako manifestazioa deitu dute, hilaren 29ko mobilizazioaren atarian
ETA KITTO 2021, Mai 20

Eibarko pentsionisten taldeak borrokan jarraitzen duela eta astelehenero Untzagan kontzentrazioak egiten dituztela gogorarazi nahi die herritarrei. Horren harira, biharko herri mailako manifestazioa deitu dute, Untzagatik hasita. Pixkat aurretik, pentsiodunen eskaeren berri ematen duten esku-orriak banatuko dituzte Untzagan bertan.
Horrez gain, hilaren 29an Euskal Herriko hiriburu guztietan eta herri askotan egingo den mobilizazio orokorraren aurretik, eguenean Eibarrera ailegatuko da Gipuzkoa zeharkatzen ari den bizikleta martxa: “Maiatzaren 27an, 11:00ak aldera bizikleta martxak Eibar zeharkatuko du, Elgoibarrerako bidean, eta Untzagan harrera egin eta pasatzen denean animatzea nahi dugu, horregatik ahal duen jendeari Untzagara joateko gonbidapena egin nahi diogu”.


Eta maiatzaren 29an berriz ere manifestazioa egingo da. Egun horretako mobilizazioa eskualde mailakoa izango da eta Untzagatik irtengo da, 12:00etan, “gizartearen zati bati eragiten dion egoera salatzeko, hau da, alarguntza-pentsioen eta genero-arrakalaren arazoak salatzeko. Horrekin batera, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatzen jarraitzen dugu. Jasangarritasun-faktorea behingoz indargabetu behar da, pentsiodunak zein langileak zigortzen dituzten legeak alde batera utzita. Eta Gizarte Segurantzaren kontuak argitzeko auditoria eskatzen dugu, gastuen aitzakiarekin pentsioen murrizketak justifikatu nahi dituzte eta”. Manifestazioak sindikatu gehienen babesa izango du, “baita mugimendu feministarena, gazteen erakundeena eta Euskal Herriko Eskubideen Karta Sozialarena ere”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »