Eibarko Udalak dei egin die herritarrei bihar "Planetaren ordua" ekimenarekin bat egiteko

Eibarko Udalak dei egin die herritarrei bihar "Planetaren ordua" ekimenarekin bat egiteko
2020/03/27 07:59
eta kitto!
COVID- 19ren pandemiak eragindako ezohiko egoera batean gauden arren, Lur planetak gure arreta eskatzen jarraitzen du. Horregatik, Eibarko Udalak bat egin nahi du, beste urte batez, "Planetaren Ordua" ekimenarekin.

Bihar, larunbata, martxoak 28, eta ekimen honi erantzunez, Udalak amatatu egingo ditu ordubetez, 20:30etik 21:30era bitartean, Untzaga plazako eta Udaletxe ondoko fokoak eta erlojuko eta arkupeetako argiak, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa.  Udalak Eibarko herritarrak ere gonbidatzen ditu klima-aldaketaren aurkako eta naturaren defentsarako mugimendu global handi honekin bat egitera, ordubetez argia itzaltzea bezain erraza den keinu batekin.

irazabal

Eibarko Udaleko Ingurumen zinegotzi Jon Iraolak adierazi duenez, "larunbat arratsaldean gure etxean egotera behartuta egongo garenez, une egokia izan daiteke beste behin ere erakusteko klima-aldaketak eta gure planetaren egoerak kezkatu egiten gaituela, baita bizi dugun egoera gogor honetan egonik ere. Hortaz, batu gaitezen ekimenera eta amatatu ditzagun gure etxeetako argiak ordubetez. Erakutsi dezagun planetaren alde eta klima-aldaketaren aurka dugun konpromisoa”.

WWF elkarteak eta Nazio Batuek sustatzen dute ingurumenaren aldeko ekimen hau

“Planetaren Ordua” ekimena keinu sinboliko gisa jaio zen Sidneyn, 2007an, klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko. Keinu xume bat da, eta ordubetez etxe, negozio, eraikin eta monumentuen argiak amatatzean datza.

Dagoeneko 188 herrialdetako milaka hirik hartu dute parte naturaren aldeko mugimendu honetan. Iaz, 17.000 monumentu eta eraikin itzali zituzten, herritarrak, enpresak, udalak eta erakundeak batuz, helburu beraren aurka borroka egiteko, eta helburu hori da klima-aldaketari aurre egitea.

Gainera, nahi duenak bat egin dezake ingurumen-ekimenarekin honako web honetan: http://horadelplaneta.es/.