Eibarren 1.000 kilo dilista pardina bildu nahi dira Lesbosera bidaltzeko

0    Gizartea 
Ana
Eibarren 1.000 kilo dilista pardina bildu nahi dira Lesbosera bidaltzeko
2019, Mar 27

Lesboseko errefuxiatuentzako 1.000 kilo lenteja edo dilista jasotzeko kanpaina abiatu da Eibarren herri ekimenez, Zaporeak elkartearekin elkarlanean. Bilketa apirilaren 13an egingo da Untzagako Jubilatu Etxean 12:00etatik 14:00tara. Egun horretan bertan higienerako produktuak eramateko aukera ere izango da (konpresak, pixoihalak, toallatxoak).

Herriko talde, elkarte eta enpresek ere ekimenean parte hartzeko deialdia egin dute. Hortaz, parte hartzera animatzen diren kolektiboek apirilak 8 eta 11 bitartean bilketa guneak antolatu dizateke euren egoitzetan. 50 kilo baino gehiago jasotzen diren elkarte eta enpresetan, horien bila joango dira antolatzaileak.

Talde, enpresa edo elkarte moduan ekimenean parte hartu nahi izan ezkero, eurekin harremanetan jartzea eskertuko luketela adierazi dute antolatzaileek, 679 95 09 07 telefonora deituz edo jangela@tekniker.es helbidera idatziz.

…eta kitto! Euskara Elkarteak bat egin du kanpainarekin. Beraz, nahi duten herritarrek Urkizu 11ko lokaletara ekar ditzakete lenteja-paketeak apirilaren 8tik 11ra (astelehenetik eguenera).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »