Ekainaren 14an ailegatuko da Eibarrera Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatu duen bizikleta martxa

Ekainaren 14an ailegatuko da Eibarrera Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatu duen bizikleta martxa
ETA KITTO 2022, Eka 07

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Euskal Herriari bira emango dion bizikleta martxa antolatu du, “1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoak eta zaintza lana partekatzea” aldarrikatzeko. Ekainaren 13an hasi eta 25ean amaituko den bizikleta martxa Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baionatik pasatuko da, baita Eibartik ere. Guztira 700 kilometro baino gehiago egingo dituzte, hamahiru etapatan banatuta.

Bigarren egunean, martitzenean ailegatuko da Eibarrera bizikleta martxa, 11:00etan Azitainetik sartuko da eta, herriko kaleak zeharkatu eta gero, Toribio Etxebarria kalean, anbulatorio parean egingo diote harrera Eibarko pentsiodunek. Jarraian, denak elkarrekin Untzagaraino joango dira eta bertan, jubilatuen aldean, komunikatua irakurri eta txistorra-jana egingo dute. Eibartar guztiei dei egin nahi diete bizikleta martxari harrera egitera joateko. Ondoren, Elgoibarrerako bidea hartuko dute txirrindulariek, han bazkaltzeko. Bizikleta martxaren bigarren eguna Ondarroan amaituko dute.

Eibarko Pentsionista Taldeak gogorarazi duenez, pentsiodunek lau urte baino gehiago daramatzate astero Euskal Herriko 70 herri baino gehiagotan mobilizatzen, “pentsio publiko eta duinen alde” eta, diotenez, gero eta argiago daukate eskatzen dutena lortzeko bide bakarra mobilizazioekin jarraitzea dela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »