Elgoibar, Soraluze eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilaldia egingo da asteburuan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Elgoibar, Soraluze eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilaldia egingo da asteburuan
ETA KITTO 2022, Mai 02

Espainiako Geologia Elkarteak Geolodia ekimena jarriko du martxan asteburuan, “Geologiaren dibulgazio-ekintza garrantzitsuena”, euren berbetan, eta hainbat ekintza egingo dituzte toki ezberdinetan. Debabarrenean, adibidez, Elgoibarko, Soraluzeko eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilbide geologikoa egingo da hilaren 7an eta 8an.

Geolodiako ibilbideak orain dela 110 milioi urte sortu ziren arroka bolkanikoak ezagutzeko aukera emango du. Ibilaldia Elgoibarko hilerriaren inguruan hasiko da (09:00etan euskaraz eta 10:00etan gazteleraz), ondoren Eibarko Azitain industria-guneko leherketa bolkanikoak eragindako arrokak ikusiko dira eta Soraluzeko bidegorriko arroka bolkanikoekin bukatuko da.

Ibilbidea euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera egongo da. Ibilbide honetako herri bakoitzera bakoitza bere kabuz joan beharko da, eta iraupena 3 ordukoa izango da gutxi gora behera. Parte hartzeko, aurrez izen ematea beharrezkoa izango da Geolodía Gipuzkoa 2022 webgunean, euskaraz edo gaztelaniaz.

 

110 milioi urteko arrokak

Euskokantauriar arroko arroka bolkanikoak orain dela 110-80 milioi urte sortu ziren. Sasoi hartan, gure lurraldea ur azpian zegoen itsaso tropikal batean eta Ozeano Atlantikoaren zabaltzearen ondorioz, Iberiar eta Europar plakak bereizten hasi ziren, Bizkaiko golkoa irekiz. Irekitze honen ondorioz itsaspeko lurrazala mehetu zen, mantua gorantz mugituz eta mantuko arroken urtzea eraginez, magma basaltikoak sortuz. Magma hauek, inguruko arrokak baino dentsitate txikiagoa zutenez beren goranzko ibilbidea hasi zuten itsas-hondora iritsi arte.

Ekimenaren sustatzaileen berbetan: “Elgoibarren, igoera horretan lurrazaleko arroketan tartekaturik gelditu ziren magmak aztertuko ditugu; Eibarren, bidai horretan magmak materialak nola zeharkatzen zituzten ikusiko dugu, baita erupzio leherkor bolkaniko bortitzek eragindako arroka piroklastikoak; eta bidai honetako azken etapan, itsas hondoan laba basaltiko horiek nola azaleratzen ziren aztertuko ditugu”.

Geolodia1 Geolodia

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »