Emakumeak Martxan proiektua ekarriko dute datorren astean Eibarrera

Emakumeak Martxan proiektua ekarriko dute datorren astean Eibarrera
2022/03/03 eta kitto!
Emakumeak Martxan egitasmoa ekarriko du Egoaiziak hilaren 10etik 14ra Errebal Plazara, emakume migratzaileek eta migratuek jatorrizko lurraldetik helmugara heldu arte bizi dituzten errealitateak agerian jarriz. “Programak emakume horiek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak, diskriminazioak eta indarkeriak salatu nahi ditu”, antolatzaileek diotenez.

Egitarauarekin hasteko, hilaren 10ean Caddy Adzuba eta Juilienne Baseke Kongoko Errepublika Demokratikoko AFEM elkarteko liderrek hitzaldia eskainiko dute beren herrialdearen barnean gertatzen den migrazioaz aritzeko. Caddy Adzuba abokatua da, GGEEen aktibista, eta 2014an Adiskidetasunaren Asturiaseko Printzesa Saria jaso zuen.

Programarekin jarraituz, hilaren 11an antzerki-foruma egingo da eta 13an kontu kontalariak egongo dira. Gainera, topaketa bat egingo da Eibarko emakume migratzaileen erronka ezberdinez aritzeko. Bertan enplegua, gizarte baliabideak, prestakuntza eta inklusio sozialari buruz jardungo dute.

Aipatutako ekintzez gain, goizetan Scape Room eta antzara-jokoaren gisako hezkuntza jolasak egingo dituzte kastetxeetako ikasleentzat eta aisialdiko taldeentzat. “Modu dibertigarria izango da errealitate horietaz hausnarketa egiteko”, diote antolatzaileek.

Errebal Plazako gunean, gainera, emakume migratzaileek zainketa-lanetan duten zereginari buruzko argazki-erakusketa eta karrusel multzo bat egongo dira. Aldi berean, ‘Zure arropa martxan’ kanpainaren barnean, arropa biltzeko gune bat ezarriko da kausarako fondoak biltzeko asmoz, eta, halaber, sinatzeko gune bat ere jarriko da, Migrazio eta Asilorako Akordio Europarrean genero ikuspegia kontuan izateko.