Emakumearen Nazioarteko Egunerako egitarau zabala prestatu du Martxoaren 8ko lantaldeak

Emakumearen Nazioarteko Egunerako egitarau zabala prestatu du Martxoaren 8ko lantaldeak
2023/02/27 eta kitto!
Eibarko Martxoaren 8ko lantaldeak (...eta kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, SD Eibar Fundazioa, Neledantza, Kaxa Mugimendu eta Sormen Gunea, Goi Argi, Pagatxa, Berdintasun Zerbitzua-Andretxea eta hainbat norbanako) prest dauka Emakumearen Nazioarteko Egunerako egitaraua, bihar bertan hasi eta martxoaren amaierara arte burutuko diren jarduera ugarirekin, gaur Andretxean aurkeztu duten kartelean ikus dezakezuen bezala.

Lantalde honek urtero gai bat adosten du, egitarauaren ardatz bezala, eta aurtengoa “Gela propioak eta ahalduntze espazioak” da. Gai hori aukeratzeko arrazoia honela azaltzen dute antolatzaileek: “XX. mendearen hasieran Virginia Woolfek gai honen inguruan hausnartu zuen, emakumeon independentzia intelektuala ahalbideratzeko emakumeentzako ondasun materiala edota sinbolikoa aldarrikatuz. ‘Emakume batek, eleberriak idatzi ahal izateko, dirua eta gela propioa izan behar ditu’ zioen Woolf-ek, independentzia ekonomikorako eta sozialerako dei eginez. Emakume eibartarrok harro esan dezakegu dei horri erantzuten aitzindariak izan garela. Izan ere, 1951. urtean jada, eta 600 bazkiderekin, emakumeon elkarteen aitzindari izan den Goi Argi-ren ateak zabaldu baikenituen, emakumearen prestakuntza integrala lortzeko asmoz”.

Egitaraua bihar hasiko da, 19:00etan Portaleko erakusketa aretoan inauguratuko den pintura erakusketa bikoitzarekin. Saioa Burutaran artistaren “Laranjen artean” izenburupeko pintura-obrak eta Maite Rosende artistaren “Urtaroak. Ordu batetik hamarretara” liburuko 40 ilustrazio biltzen ditu erakusketak eta, inaugurazioarekin batera, artistek bisita gidatua egingo dute bertan. Ekitaldi hau Eibarko Udalak eta Portalea kultur etxeak sustatuta dago, Katapulta plataformaren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Erraketistei buruzko solasaldia

Eguaztenean, berriz, 18:30ean hasiko da “Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales” liburuaren aurkezpen-solasaldia, Arrate Kultur Elkartean. Olatz Gonzalez Abrisketa eta Amets Castrejana Fernandezen arteko elkarrizketak lehenengoak idatzitako liburua izango du protagonista.

Liburu horrek euskal pilotaren historia omisio batean oinarrituta dagoela erakusten du, egilearen arabera: “Erraketistena, estatuko hiri guztietara hedatu eta Kuban, Brasilen eta Mexikon ere jokatu zen modalitate bat. Sei hamarkadatan jarraian, jatorri desberdinetako mila emakume baino gehiago, gehienak euskaldunak, pilotatik bizi izan ziren eta ospea eta errekonozimendua lortu zuten. Hala ere, jokoan zeuden proiektu nazionalak kantxetatik eta oroitzapenetatik ezabatu zituzten”. Garai hartako dokumentuen eta lekukotasun batzuen berrikuspen sakon baten bidez, oso bestelako kirol-panorama berreraikitzen du liburuan, “kirola beti gizonen esparrua izan ez zela erakusteko”.

Dantza ikasteko saio irekia

Barixakurako, berriz, hitzordu bikoitza prestatu dute. Batetik, Pagatxa emakume elkartearen eskutik “Mil veces buenas noches”, Erik Poppe zuzendariaren filmari buruzko zine-forum saioa egingo da, 18:30ean Portalean. Eta Errebal Plazan, berriz, Kaxa mugimendu eta sormen gunean prestatu duten “Kateak apurtzen” izeneko dantza ikasteko saio irekia egingo da, 19:00etatik 20:00etara. Izan ere, dantza ikuskizuna Untzagan izango da hurrengo egunean, 13:15ean, eta ahalik eta jende gehien batzea da asmoa. Argitu dutenez, gizonek ere har dezakete parte, baina, “emakumeen atzean ipinita, beraiei protagonismoa emateko”.

Martxoaren 8an ohikoak diren mobilizazioekin bat egiteaz gain, Martxoaren 8ko lantaldeak antolatutako jarduerak hilabete osoan zehar garatuko dira.