Enpresa, autonomo eta lan bila ari direnentzat aholkularitza zerbitzua ipini dute martxan Debegesan

Enpresa, autonomo eta lan bila ari direnentzat aholkularitza zerbitzua ipini dute martxan Debegesan
2020/04/07 16:51
eta kitto!
Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak telefono bidezko aholkularitza eta orientazio zerbitzu berria jarri du martxan, COVID-19 pandemiarengatik kaltetuta dauden enpresa, autonomo eta lan bila ari direnei laguntzeko. 699 76 71 57 telefono zenbakira deituz gero, lana bilatzen ari direnek horretarako laguntza eta orientazioa jaso dezakete (kurrikuluma hobetzeko aholkuak, enplegu-atarien inguruko informazioa…). Eta 687 47 65 05 telefonora deituta, berriz, koronabirusa dela eta, enpresa eta autonomoentzat ateratzen dituzten laguntza berezien inguruko informazioa jaso eta eskaerak tramitatzeko laguntza eska daiteke.

Bi telefono zenbakiak astelehenetik barixakura bitartean egongo dira operatibo, 09:00etatik 14:00etara. Bestalde, telefono deiak hartzeaz gain, bi zenbakieta WhatsApp bidezko mezuak ere erantzungo dituzte. Eta, nahiago izanez gero, posta elektronikoa erabil dezakezue: lana bilatzeko orientazioa behar izanez gero enplegua@debegesa.eus helbidera idatzi; eta, enpresa edo autonomoa izanez gero, ekintzaile@debegesa.eus helbidera mezua bidalita eska dezakezue aholkularitza zerbitzua.

Debegesak, bestalde, eskualdeko biztanle eta enpresei ahalik eta zerbitzurik onena emateko etxetik lanean jarraitzen duela gogorarazi nahi du eta, horrekin batera, bere ohiko kanaletan (sare sozialetan, www.debegesa.eus web orrian eta 943 820 110 telefono zenbakian) informazio eguneratua ematen jarraituko duela jakinarazi du.