Erraketistak, distira galdu ez duten izar ahaztuak

Erraketistak, distira galdu ez duten izar ahaztuak
2023/03/03 12:54
eta kitto!
Mundu guztian zehar zeuden kantxak betetzen zituzten, kargu publiko garrantzitsuenek baino diru gehiago irabazten zuten, eskola ugari zeuden eta milaka gaztek jarraitu nahi zuten euren bidea eta, orain, ezer gutxi dakigu euren inguruan. Erraketistei buruz ari gara. Nola liteke hainbeste ospe izan duten emakumeen historia ahaztua izatea? Olatz Gonzalez Abrisketak horren gakoak ematen ditu ‘Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales’ liburuan.

Gonzalez Abrisketak eguaztenean aurkeztu zuen liburua Arrate Kultur Elkartean, Amets Castrejana Fernandez antropologoa lagun, erraketistek protagonismo berezia izan zuten herrian. Gerra aurretik erraketisten hiru eskola zeuden herrian, ehun neska ingururekin eskola bakoitzean. Fenomeno handia zen erraketistena eta Eibar zegoen horren guztiaren erdigunean.

Erraketisten ibilbidea XIX. amaieran hasi zen. Sasoi horretan, Gerra Zibiletik eta II. Mundu Gerratik aurrera gertatu zen kirolaren maskulinizazioa iritsi arte, kirolaren inguruko giroa gaur egun ezagutzen dugunaren guztiz ezberdina zen. “Kirolaren mundua oso anitza zen”, azaldu zuen Gonzalez Abrisketak.

Kirol ezberdin asko egiten ziren eta emakumeek berebiziko papera jokatzen zuten. Ez bakarrik kirolari moduan (sasoiko kronikek modu berean idazten zituzten gizonen eta emakumeen partiduak, euren kirol gaitasunak aipatuz eta abar), baita ikusle bezala ere. Pilota partiduetan, adibidez, harmailak gizon zein emakumez betetzen ziren eta emakumeek apustuak egiten zituzten.

Gerra aurreko giro horretan erraketistak masa-fenomenoa bihurtu ziren. “Demaseko ikuskizuna eskaintzen zuten, publikoari asko gustatzen zitzaion, apustuak egiteko aukera ematen zuen eta frontoiak bete egiten ziren”, aipatu zuen Castrejana antropologoak. Beraz, frontoi ugari eraiki zituzten han eta hemen, Euskal Herrian, Espainian zein munduko toki ezberdinetan. 1917. urtean, adibidez, frontoia zabaldu zuten Madrilen eta, erraketisten arrakasta ikusita, urte gutxitan berriztu egin behar izan zuten, merkataritza-gune bihurtuz (dendak, ileapaindegiak eta bestelako zerbitzuak aurkitu zitezkeen bertan).

 

Dirua eta emantzipazioa

40. hamarkadan profesional gehien zituen kirola bilakatu zen eta erraketistek diru asko irabazten zuten. Adibidez, Carmen Lopez ‘La Boltxe’-k 2.500 pezeta irabazten zituen 1929an, partiduak eta txapelketak irabazteagatik eskuratzen zuenaz gain. Ostera, 1935ean, Francisco Francok, sasoi hartan Errepublikako Estatu Nagusiko buruak, 2.400 pezeta irabazten zituen.

Erraketistek han eta hemen jokatzen zuten, Euskal Herrian eta atzerrian. Batzuentzat liberazioa izan zen baserria utzi, erraketista bihurtu eta gizonen mende ez egotea. Batzuek bikoteak zituzten, beste batzuek ez; batzuek seme-alabak zituzten eta eurekin bidaiatzen zuten, beste batzuek senarren esku lagatzen zituzten seme-alabak... “Euren artean oso giro ona zegoen, oso solidarioak ziren, oso ondo bizi ziren eta oso ondo pasatzen zuten”, azaldu zuen Gonzalez Abrisketak. Emakume eta familia askorentzat bizitza ona edukitzeko aukera zen erraketista izatea eta eskolak sortu ziren han eta hemen. Esan bezala, Eibarren hiru eskola zeuden. “Ordutegia ezartzen zuten eta demaseko ilarak egoten ziren”, antropologoaren berbetan.

 

Fenomeno geldiezina

Gerra Zibilean, ostera, Eibarko bonbardaketak berarekin eraman zituen erraketisten eskolak. Hala ere, gerran partiduak jokatzen jarraitu zuten, baina kronika gutxi dago eta kroniketan ez dira emakumeen izenak agertzen.

Frankismoaren hasieran erraketistek ez zuten arazorik izan. Fenomeno geldiezina zen eta frontoi berriak eraikitzen jarraitzen zuten (Salamancan eta Donostian gerraren urteetan zabaldu zituzten, adibidez), baina pixkanaka egoera okertzen joan zen.

Frankismoak pilota bere egin nahi izan zuen eta, berez estatuan sortutako kirola izanik, ‘Pelota Nacional’ bilakatu nahi izan zuten. Hau da, estatuko kirola. “Noski, frankismoan, nazio bat ordezkatzen zuen kirola izanik, gizonezkoek bakarrik jokatu zezaketen”, antropologoaren berbetan, eta emakumeak pilotatik aldentzeko bidea hasi zuten.

Emakumeei pilotan egitea debekatu zitzaien, baina debekua ez zen gauzatu. Izan ere, jende askoren ogibidea zen eta estatuak ere diru asko irabazten zuen bertatik. Hori bai, 1946rako emakumeak frontoietatik kanpo egon behar zirela zehaztu zuten eta lizentzia berriak emateari laga zitzaion, erraketisten eskolei demaseko kaltea eraginez. Pilotarien koadroa zahartzen joan zen, konpetentzia gero eta handiagoa zen frontoien artean eta hiri-inguruetako frontoi asko itxi egin behar izan zituzten.

Egoera horretan, 1939an, kirolaren historian eman zen lehen epaiketa gertatu zen. Groseko intendenteak erraketista batzuk auzitara eraman zituen, berarekin kontratua edukita Madrilera jokatzera joan zirela egotzita. Epaileak intendenteari eman zion arrazoia, baina horrek erakusten du erraketistak profesionalak zirela (askotan gutxietsi izan da euren jarduna).

 

Historiatik ezabatuak

Frankismoak itxi zien bidea Mexikok ireki zien 1951n. “Frontoia asko gustatzen zitzaien, frontenisa bertan garatu zen eta erraketistei ateak ireki zizkietenean zalaparta sortu zen herrialdean”, Gonzalez Abrisketak kontatu zuenez. Hara joan ziren euskaldunek, ostera, askatasuna eta diru gehiago aurkitu zituzten.

Gerratik ihesi (eta aurretik ere) euskaldun askok eraiki zuten bizitza berria Mexikon, baina egia da, baita ere, euskal diasporako alde bati ez ziola grazia handiegirik egiten erraketisten arrakastak. “Berez, nazionalismoak erraketisten oroipena desagerrarazi zuen”, antropologoaren berbetan.

Desagerpen horretan, hala ere, izen eta abizen batzuek dute pisu handiena: Luis Bombin. Espainiako Pilota Federazioko idazkari teknikoa izan zen frankismoan eta bere eskutik etorri zen emakumeek pilotan egiteko debekua eta lizentzia berriak ez ematearen erabakia. Agintaria izateaz gain, Bombinek ‘Historia, ciencia y codigo del juego de pelota’ (1946) eta ‘El gran libro de la pelota’ (1976) liburuak idatzi zituen. “Pilotaren inguruan idatzi diren liburu gehienek Bombinen idatziak hartzen dituzte ardatz”, Gonzalez Abrisketak dioenez, eta, bere jarduna ikusita, pentsa daiteke nolako kontakizuna egiten duen erraketisten inguruan.

Gerrak eta frankismoak paper garrantzitsua jokatu zuten kirol-modalitate hau desagertzeko orduan, eta Bombin bezalako idazleek erraketistak memoria kolektibotik ezabatzeko ahalegina egin dute; baina, nahiz eta gainbeheraren ondoren 1980ko uztailaren 18an erraketista profesionalen azken partidua jokatu zen, mundu mailako izar izan ziren kirolari hauen oroitzapenak bizirik jarraituko du.