[ERREPORTAJEA] Saharar errefuxiatuen kanpamenduan

[ERREPORTAJEA] Saharar errefuxiatuen kanpamenduan
2021/12/17 09:31
eta kitto!
Eibar-Sahara elkarteko Edurne Uzkudun saharar errefuxiatuen kanpamenduetan egon zen joan den astean. Pandemiaren ondorioz bere familia sahararra bi urtetan ikusi barik egon ondoren, emozio handiko egunak bizi izan ditu Tindufen (Aljeria) eta oraindik ere hunkitu egiten da bertan bizitakoa gogoratzen duenean.

Euskal Herriak lotura berezia du Sahararekin eta, oztopoak oztopo, elkarrengandik gertu jarraitzen dugu.

 

Orain dela egun batzuk, Euskal Herriko Sahararen aldeko zenbait elkartek eta udan Saharako umeak jasotzen dituzten zenbait familiak milaka kilometro egin zituzten Tinduferaino (Aljeria), saharar errefuxiatuen kanpamenduetaraino. “Gure asmo nagusia udan Euskal Herrira etortzen diren 300 umeei maleta eramatea izan da”, esan digu Edurne Uzkudun Eibar-Sahara elkarteko kideak.

COVID-19aren pandemiaz geroztik Saharako umeak ezin izan dira Euskal Herrira etorri eta eurentzat garrantzitsua izaten da hemen jasotzen dituzten sendagaiak eta bestelako baliabideak eskura izatea. “Harrera-familia bakoitzak bere maleta osatu zuen, baina Eibar-Saharak 30 maleta inguru gehiago eraman zituen. Izan ere, udan etortzen diren ume batzuk aterpetxeetan geratzen dira eta, gure elkarteak hainbeste material bilduta zuenez, ume horientzako maletak ere egin genituen”, azaldu digu Uzkudunek. Baina zer sartzen dute maleta horietan? “Erropa, txokolatea, sendagaiak, jostailuak, janaria… Gero, ume bakoitzak behar jakin batzuk izan ditzake”, argitu digu. Gainera, maletaz gain, dirua ere eraman zuten sobreetan.

 

42 ibilgailu eta 50 lagun

Lehen asmoa umeei maletak eramatea izan arren, Euskal Herriko elkarteak ibilgailu bila hasi ziren eta azkeneko bi urteetan 42 ibilgailu bildu zituzten. “Anbulantziak, minibusak, kamioiak, autoak…”, aipatu digu Uzkudunek. Orduan, ibilgailuak zituztela aprobetxatuta, umeen maletez gain gauza gehiago eramateko aprobetxatu dute bidaia.

Euskal Herritik abiatu zen konboia 42 ibilgailuk eta 50 lagunek osatzen zuten, eta bakarra geratu zen bidean, matxuratuta. Bidaia Gasteizen hasi zuten eta Almeriara jo zuten lehenik. Gero, ferrya hartu eta Aljeriara iritsi ziren. Afrikan lurra hartu ondoren, beste 1.500 kilometro egin behar izan zituzten basamortuan zehar Tindufera heltzeko. Bost eguneko bidaia izan zen, ibilgailu zaharrek markatzen zuten erritmora, baina azkenean lortu zuten helmugara iristea. “Gauez iritsi ginen kanpamenduetara, oso nekatuta, eta guztiok elkarrekin lo egin ondoren, hurrengo egunean Saharako nire familiarengana joan nintzen. Demaseko emozioa sentitu nuen ikusi nituenean, negar eta negar egin nuen”, gogoratzen du Uzkudunek.

Eibartarrak oso harreman estua du Saharako familiarekin eta ez da erraza izan azken bi urte eta erdian elkar ikusi barik egotea. “Orain 28 urte, Debako osabak Saharako ume bat ekarri zuen eta, harrezkero, izebak hiru ume ekarri ditu, guregana ere etorri izan dira beste batzuk… Eurak guztiak familia berekoak dira eta guretzat familiakoak dira, beste edozein lehengusu edo lehengusina bezala”, diosku Uzkudunek. Eibartarra kanpamendura iritsi zenean, ostera, ez zeuden guztiak. “Eibarrera etortzen diren nire bi umeak falta ziren, eskolan zeudelako, Tindufen. Hurrengo egunean etorri ziren eta autotik jaitsi zirenean niri begira gelditu ziren, geldirik. ‘Nola izango da posible!’, esan nien txantxetan, eta korrika etorri ziren besarkada bat ematera”, gogoratzen du. “Izan ere, han ez dute besarkatzeko ohiturarik eta hango familiaren aurrean besarkadak ematea arraroa egiten zitzaien. Hori bai, hemen daudenean oso mainatsuak dira”, diosku barrez.

Bost eguneko bidaiaren ondoren, Euskal Herritik joandako espedizioa bi egunez geratu zen kanpamenduetan. Bertan, aspaldi ikusi barik zituzten familia maiteak ikusteaz gain, hemendik eramandako guztia banatu eta Ilargi Erdi Gorriari ibilgailuak eman zizkieten. Egonaldi laburra, baina oso bizia eta hunkigarria izan zen, bueltarako beste odisea bat hasi aurretik. “Lehenik, Aljerrera joan ginen eta egun bat pasa genuen han. Ondoren, Bartzelonara hegazkina hartu genuen eta handik autobusean etorri ginen Euskal Herrira”, diosku Uzkudunek. “Hau zen aukera bakarra umeak ikusteko eta maletak eramateko. Beraz, merezi izan du”, bere iritziz.

Kanpamenduetan bizitakoa buruan oraindik oso fresko edukita, udan umeak berriz ikusteko gogo handia du Uzkudunek, eta Euskal Herriko eta Espainiako elkarteak lanean hasi dira horrela izan dadin. “Ikusiko dugu pandemiak lagatzen digun ala ez, baina zerbait ziurra jakin arte, prestaketa lanak egiten hasiko gara”, diosku gogotsu. Horrela, Oporrak Bakean programaren bitartez udan Saharako umeak ekartzen saiatuko dira eta, familiek egitasmoan izena eman nahi izanez gero, oporrakbakean.eus web orrian edota Eibar-Sahara elkartearen bitartez informazio gehiago jaso dezakete.

edurne uzkudun sahara

 

Pandemia eta gerra

Pandemia aurretik, saharar errefuxiatuen egoera ez zen batere erraza. Demaseko beharrak zituzten, baina gutxienez nolabaiteko laguntza iristen zitzaien. “Orain, egoerak okerrera egin duela ikusten da. Lehen, adibidez, nire familiak entxufeak zituen telefono mugikorrak kargatzeko, baina orain ez, bateria batekin moldatzen dira. Lehen ogirik ez zen falta, baina orain irina ere ez zaie iristen”, azaldu digu Uzkudunek. “Eskerrak nire familiakoak Tindufen bizi direla urte osoan, umeek han ikasten dutelako. Euren arreba nagusia Tindufera ezkondu zen eta, ondorioz, etxea dute bertan”, zehazten du.

Janari falta handia dago kanpamenduetan, besteak beste, baina sahararren kezkak haratago doaz. Iaz, Frente Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen eta tentsio militarra hazi egin da inguruan. “Marokok eraikitako hesi guztian zehar tentsioa bizi da. Nire familiaren alboko etxeko seme bat gerrara joan da eta berataz oso harro daude, bere herriaren alde borrokatzen duelako”, azaldu digu eibartarrak. “Ikusten dute independentzia lortzeko erreferendumik ez dela egingo eta jende gaztea egoeraz nazkatuta dago. Beraz aukera bakarra borroka dela ikusten dute”, bere iritziz.

edurne uzkudun sahara2