Erreserba eginda zeukatenek aukera izango dute euren herrietatik irtetzeko

0    Gizartea 
CDwes76
Erreserba eginda zeukatenek aukera izango dute euren herrietatik irtetzeko
ETA KITTO 2021, Mar 26

Gaur arratsaldean bildu den  LABI teknikoak itxiera perimetrala aplikatzea proposatu du, azken 14 egunetan  100.000 biztanleko 400 baino gehiago pilatu dituen herrietan.  Horrez gain,  gehiago murriztuko dituzte leku horietako espazio itxietako ordutegiak. Proposatutako neurriak 5.000 biztanletik gorako udalerriei eta lurralde historikoei eragingo lieke. Gure eskualdean hori da Ermuko kasua (699ko intzidentzia dauka une hauetan).

Bihar jakinaraziko dute zer herritan ezarriko dituzten neurri murriztaileak eta  neurriak  astelehenetik aurrera aplikatuko dira. Tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak mugatuko dituzte leku horietan: 06:30etik 09:30era, eta 13:00etatik 16:30era.

Salbuespen bat izango da turismorako: ostaturen batean erreserba gaur baino lehen egin duten herritarrek izango dute leku horretara mugitzeko aukera, nahiz eta ostatu hori itxitako herriren batean egon. Turismoaren sektoreari laguntzeko asmoz hartu dute neurri hori,  «Erreserba egina dutenek izango dute joateko aukera, baina hor dago gutako bakoitzaren erantzukizuna, joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko eskaera», esan dute Jaurlaritzatik.

400dik gorako tasa duten herrietan, neurri murriztaileagoak ezarriko dizkiote ostalaritzari: tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak murriztuko dituzte. 06:30etik 09:30era egongo da barruan egoteko aukera goizetan, eta 13:00etatik 16:30era arratsaldeetan. Apustu etxeek barruan soilik eman ahal izango dute ostalaritza zerbitzua, eta haiek ere bete beharko dituzte ordu tarte horiek. Udalerri horietako herritarrek udalerri mugakideetara joateko aukera izango dute erosketak egitera eta aire zabalean kirola egitera.

Itxita egongo diren herri horietan, kirol jarduerak ere mugatuko dituzte. Barrualdean, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu, profesionalak eta federatuak salbu. Gainera, itxi egingo dituzte kiroldegietako aldagelak eta dutxak. Piszinetan, %35eko edukiera ezarriko dute, eta dutxak banaka erabili beharko dira.

 

 

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »