Erretzeari lagatzeko laguntza-taldea antolatu du AECC Gipuzkoak Eibarren

Erretzeari lagatzeko laguntza-taldea antolatu du AECC Gipuzkoak Eibarren
2019/09/11 11:54
eta kitto!
AECC Gipuzkoa Minbiziaren Aurkako Elkarteak erretzeari lagatzeko laguntza-terapiarako taldea antolatu du Eibarren. Saioak doakoak izango dira eta tabakismoan aditua dan psikologo batek zuzenduko ditu. Aditzera eman dutenez, taldea osatzerakoan erabakiko dira egun eta orduak eta, parte hartzeko interesa duenak, 943 20 24 94 telefono zenbakira deituta edo elkartearen lokalera joanda (Ardantza, 11) izango du informazio gehiago jasotzeko aukera. Elkarteko ordezkariek emandako datuen arabera, iaz Gipuzkoan terapia egin zutenen %62k amaitu zuten prozesua arrakastarekin. Bestalde, erretzaileei tabakua lagatzen laguntzeko elkarteak mugikorretarako daukan ‘RespirApp’ aplikazioren bertsio eguneratu barria atera duela jakinarazi dute.

Terapiak banakakoak edo taldekoak izan daitezke. Erretzaile bakoitzak lehenengo aurretiazko elkarrizketa bat egiten du, eta bertan baloratzen dute erretzeari uzteko modu onena eta asteko saio kopurua; izan ere, pertsona bakoitzaren egoera eta behar berezien arabera aldatu egiten da. Saio horietan pazientearen mendekotasun fisiko eta psikologiari arreta berezia ematen zaio, eta erretzeko ohitura sustatzen duten estimuluen kontrolari aurre egiteko estrategiak lantzen dituzte. Miriam Marquez AECC Gipuzkoako psikologo eta prebentzio arloko arduradunaren hitzetan, “arrakasta, azken batean, pertsona bakoitzaren araberakoa den arren, frogatuta dago kanpoko laguntza profesionala jasotzeak asko handitzen dituela erretzeari uzteko garaian arrakasta izateko aukerak”.

AECCren Minbiziaren Behatokiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den herritarren % 78 ez-erretzailea edo erretzaile ohia den arren, oraindik ere % 22k erretzen jarraitzen du. Datu horien arabera, agerikoa da azken 5 urteotan erretzaileen beheranzko joera, 2009. urtean erretzaileen datua % 34 ingurukoa baitzen.