Erritmo solidarioak zapatuan Astelenan egingo den Zumba Maratoian

Erritmo solidarioak zapatuan Astelenan egingo den Zumba Maratoian
2019/04/02 08:00
eta kitto!
Abestien koreografiak dantzatzean datza zumba. Normalean 50 minutu edo ordubeteko klaseak egiten dira eta monitore batek zehazten ditu dantzatu beharreko pausoak. Erresistentzia eta indarra lantzeaz gain, aldakak mugitu eta ondo pasatzeko ariketa da, baina alde solidarioa ere edukiko du apirilaren 6an Astelena frontoian. Izan ere, IV. Zumba Maratoia egingo da AFESD elkartearen alde.

 

Nerea Blasco zumba irakasle eibartarra da Zumba Solidarioaren bultzatzailea. “Madrilen zumbako ZIN (Zumba Instructor Network) titulua atera nuen eta zumba ekitaldiak antolatzeko baimena lortu nuen horrekin batera. Masterclass-ak (klase bereziak) edo ekitaldi handiak antolatzeko aukera daukat, eta nik bide horretatik jo dut”. Madrildik bueltan Nerea zumba klaseak ematen hasi zen eta, bere bikotearekin komentatu ondoren, zumba ekitaldi solidario bat antolatzea ideia ona izan ahal zela pentsatu zuen. “Felipe Zamakola Eibarko kiroldegiko zuzendariarekin harremanetan jarri nintzen eta I. Zumba Maratoia antolatu genuen 2015ean”.

Blascoren egitasmoak erantzun ona jaso zuen eta laugarren edizioa egingo da aurten. Zumba Maratoian jasotako dirua AFESD elkartekoei emango diote, diagnostiko gabeko gaixotasunen bat daukaten umeen tratamenduak ordaintzen laguntzeko. “Polita da jendearen erantzun ona ikustea. Egitasmo solidarioa denez, jendea laguntzeko prest dago”.

 

Dantza eta zozketak

IV. Zumba Maratoia apirilaren 6an egingo da, zapatuan, 11:00etatik 13:00etara Astelena frontoian, eta Nerea Blascoz gain beste bost zumba monitore egongo dira: Esther Gonzalez, Esti Garcia, Ainhoa Amas, Iratxe Nuñez eta Iñaki Ruiz. “Abesti ezagunak dantzatuko ditugu, guztiok ezagutzen ditugunak. Beraz, pauso errazak egingo ditugu”. Momenturen batean erritmo biziagoak dantzatuko dituztela dio Blascok, “ez aspertzeko”, baina inoiz zumba egin ez duena jendea joateko moduko ekintza izango da Astelenakoa. “Parte-hartzaile guztiek elkarrekin egingo dute dantza, baina momenturen batean norbaitek atsedena hartu nahi badu, ez dago arazorik”.

DJ batek musika jarriko du eta ekitaldi amaieran hainbat zozketa egingo dira. Herriko hainbat erakunde eta enpresen babesa jaso du Zumba Maratoiak, eta eurek emandako produktuak zozketatuko dira. “Gainera, jatekoa eta edatekoa ere egongo da”.

 

Sarrerak salgai

Iaz 170 lagun inguruk hartu zuen parte Zumba Maratoian, “eta aurten antzeko jende kopuruak parte hartzea espero dugu”. 250 lagunentzako tokia egongo da Astelenako dantzatokian eta dagoeneko sarrerak salgai daude 10 eurotan. Sarrerak Estetika Ibonen (Romualdo Galdos kalea, 10 B) erosi daitezke edo, bestela, apirilaren 6an Astelena frontoiko leihatilan. “Nirekin dantza egitera etorriko diren beste irakasleek ere saldu dituzte hainbat sarrera, baina egia da baita ere jendeak azken momentura arte itxaroten duela sarrerak erosteko”.

Norbaitek ekitaldi solidario honekin bat egin nahi bai, baina dantza egin nahi ez badu, bere laguntza eskaini dezake. “Horrelako kasuetan, gehienetan, jendeak sarrera erosten du eta, gero, ekimena ikusten du edo ez, nahi duen moduan. Bestela, zuzenean AFESD elkartearekin kontaktuan jartzea gomendatzen dut diruz laguntzeko”. Dantzan edo geldirik, guztiontzako egongo da lagundu ahal izateko aukera.