Esperientzia Eskolaren 19. ikasturteari hasiera eman diote

Esperientzia Eskolaren 19. ikasturteari hasiera eman diote
ETA KITTO 2023, Urr 19

Armeria Eskolak Ikastenen Esperientzia Eskolaren 19. promozioko ikasleak jaso ditu gaur goizean, ikasturte berriari hasiera emanez. Aurten, Ondarroako, Elgoibarko, Ermuko eta, batez ere, Eibarko 19 emakumek eta 5 gizonek hartuko dute parte. Horrela, urte hauetan 404 lagun pasa dira Esperientzia Eskolatik.

Ikasturtean askotariko gaiak jorratzen dira; hala nola, hauek: komunikazio-trebetasunak, osasun fisikoari eusteko eta berori hobetzeko ezagutzak, psikologia, literatura, kulturartekotasuna, zuzenbidea eta zuzenbideak bizitzan duen ezarpena, sexualitatea, filosofia, nutrizioa, historia, artea, musika, parte-hartzea, eta abar. Gainera, ikasleek proiektu sozial bat diseinatu eta garatzea da Eskolaren zati garrantzitsu bat. Eta, horretaz gain, kultur jarduerak egiten dira; adibidez, ibilaldiak eta bisita gidatuak.

Esperientziaren Eskolak erretiro aurreko etapan edota erretiroan dauden 50 urtetik gorako gizon-emakumeak elkartu nahi ditu, nolabaiteko kezka kultural eta sozialak dauzkatenak eta lan-garaian denbora-faltagatik edo beste arrazoi batzuengatik egin ezin izan zituzten jarduerak sakontzeko eta garatzeko gogoa dutenak. Horrela, parte-hartzaileen garapen pertsonal, osasungarri eta trebea sustatzea, prestakuntza eta ikaskuntza etengabea sustatzea, eta kolektibo horrek rol aktibo eta gogobetekoa edukiz gizartean eragin dezan laguntzea dira helburuak.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »