Euskal udalekuetarako diru-bilketa dago abian itsulapikoa.eus-en

Euskal udalekuetarako diru-bilketa  dago abian itsulapikoa.eus-en
2019/05/07 eta kitto!
Abaigarko euskal udalekuetarako diru-bilketa kanpaina abiatu dute interneten, itsulapikoa.eus-en, Euskal Herriko edo Euskal Herriarekin zerikusia duten herri proiektu eta egitasmoek behar duten bultzada ekonomikoa lortzeko plataforman. Kanpaina ixteko 24 egun falta diren honetan, 14.840 euro biltzea lortu dute. Hala ere, ezarritako helburutik urruti daude oraindik eta, horregatik, udalekuetan boluntario ibiltzen diren eibartarrek dei berezia egin nahi dute herrian, “gugan sinisten duen jendearen laguntza behar dugu eta. Ekarpenik txikiena ere asko asko da guretzat!”.

Badira 40 urte Abaigarren, Nafarroako herri txiki batean, Euskal Herriko haur eta gazteei udan euskeraz bizitzeko aukera eskaintzen dieten udalekuak antolatzen dituztela eta Eibarko gazte talde batek hainbat urte daramatza Abaigarko udalekuetan, arduradun-begirale lenetan: “Euskal Herriko txoko desberdinetatik elkartutako gazte boluntario ugarik hartzen dugu parte, bertako haur guztiei zuzendua dagoen proiektua aurrera ateratzeko lanean. Elkarlanean, gozatuz eta beti ere euskera oinarritzat hartuta, hainbat balore lantzen ditugu txandetan, 15 egun ahaztezinetan”.

Hala ere, azaldu digutenez, “azken hiru urteetan etxearen erabilera mugatuta egon da, berritze lan handi batean murgilduta ibili gara eta, beraz, ezinezkoa izan zaigu bertan udalekuak antolatzea. Zorionez, eraberritze prozesua bide onetik doa eta, egindako ahalegin handiari esker, etxea badoa poliki-poliki berriro forma hartzen eta, aurtengo udan, uztaila eta abuztua bitartean, 240 gazte baino gehiago bertan elkartu eta berriro etxera bueltatu ahal izango dira”.

Baina hori guztia egin ahal izateko, 250.000 eurotik gorako gastuari aurre egin behar izan diote, horretarako mailegua eskatuta. Eta hori gutxi balitz, uda honetan txandak behar den moduan martxan ipini ahal izateko ezinbestekoa dute sukalde eta litera berriak erostea eta, horregatik abiatu dute, hain zuzen ere, diru bilketa edo crowfounding-a.

NOLA LAGUNDU?
www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/abaigarko-udalekuetako-etxea-obretan helbidean sartu ekarpena egiteko:
- Gure esker ona eta nahi adina musu!  (15 euro)
- Gure esker ona eta nahi adina musu eta Abaigarko etxearen posterra koloretan (30 euro)
- Gure esker ona eta nahi adina musu, Abaigarko etxearen posterra koloretan eta txapa (60 euro)
- Gure esker ona eta nahi adina musu, Abaigarko etxearen posterra koloretan, txapa eta etxea guztiz jantzita dagoenean egingo dugun irekiera festarako gonbidapen berezia (120 euro)
- Gure esker ona, muxu handi bat, posterra, txapa, irekiera festarako gonbidapen berezia, eta, gainera, Mikel Laboaren koadro handi bat (300 euro edo gehiago).

euskal udalekuak2