Eusko Jaurlaritzak 841 milioi euro bideratuko ditu osasun sistema indartzera eta herritarrak laguntzera

Eusko Jaurlaritzak 841 milioi euro bideratuko ditu osasun sistema indartzera eta herritarrak laguntzera
ETA KITTO 2020, Mar 24

Jaurlaritzak erabaki du 841 milioi euroko diru sail bat bideratzea koronabirusaren eraginak gutxitzeko neurrietara. Urkulluren hitzetan, “ekonomiaren koma egoera” saihesteko hartuko dituzte neurriak, eta besteak beste, osasun sistemara, familietara nahiz kolektibo zahurgarrienetara eta enpresa ertainetara nahiz txikietara zein autonomoetara bideratuko dituzte.

 200 milioi euro bideratuko dituzte:
– osasun sistemak behar dituen sendagaien hornidurara eta ekoizpenera,
– osasun materialera,
– prebentzio eta telefono arreta zerbitzuak indartzera,
– ospitaleetako nahiz etxez etxeko zerbitzuetako langile kopurua indartzera,
–  osasun zentroetan arreta eskaintzeko gune berriak egokitzera

Bestalde, 55 milioi euroko partida jarriko du Jaurlaritzak familiei eta kolektibo zahurgarriei laguntzeko:
– gizarte larrialdiko laguntzak handitzeko,
– haurrekolen, eskola garraioaren nahiz jantokien kuotak eteteko
– alokairu sozialeko errentak eta komunitate gastuak bertan behera uzteko.

COVID-19 deitu duten programara bideratutako diru sailaren zatirik handiena ekonomiara bideratuko du Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, enpresa ertainei eta txikiei zein autonomoei laguntzea du xede Jaurlaritzak, eta horretarako 587 milioi euro baliatuko ditu. Dena den, zenbateko horretatik 18 milioi eta erdi koronabirusaren programatik kanpo gelditzen diren autonomoei eta enpresei zuzenduko dizkiete. Horiei material teknologikoa erostea, jaurlaritzarenak diren programa batzuetako ordainketak aurreratzea eta atzeratzea nahiz parke teknologikoetako zein industriaguneetako alokairuak atzeratzea ahalbidetuko die erakundeak.

Urkulluk azaldu duenez, jarduera ekonomikoa beharrezkoa da oinarrizko zerbitzuei sostengua emateko. Adierazi duenez, ordea, pertsonen osasunaren segurtasuna eta ekimen ekonomikoa uztartu behar dira: “Oinarrizkoa da enpresek pertsonen segurtasuna bermatzeko protokoloak martxan jartzea. Egoera dena izanik, langileen segurtasuna bermatu eta ekonomia jardunarekin segitu behar dugu. Lana babesteko beharrezkoa da logistikari, hornidurari, energiari eta pertsonentzat oinarrizkoak diren produktuen banaketari eustea”. Lehendakariaren aburuz, ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko guztia bertan behera uztea “estatu mailan” hartu beharreko erabaki da: “Muturreko neurri bat izango litzateke”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »