Eusko Jaurlaritzak osasun-alerta kendu du, “zonaldeko airearen kalitatea hobetu ostean”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Eusko Jaurlaritzak osasun-alerta kendu du, “zonaldeko airearen kalitatea hobetu ostean”
ETA KITTO 2020, Ots 20

Otsailaren 10etik 16ra bitartean egindako laginak aztertu ostean osasunalerta kentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur arratsaldean. Azken neurketen arabera, dioxina eta furano kantitateak beherako tendentzia dutela esan dute CSICetik gaur emandako emaitzek: “1.200 fentogramotik (otsailaren 15ean)  730ra (otsailaren 16an) jaitsi dira balioak Ermuko Sallabente auzoan.  Suteak desagertzerakoan airearen kalitateak hobera egin du. Hala ere, neurketak egiten jarraituko dugu“.

Paradoxikoki,  Sallabente auzoan, esku artean  ditugun datu berriak ez dira behin-behineko neurriak hartzeko erabakia hartu zenean baino hobeak: otsailaren 9an 719 fentogramo zen maila, eta otsailaren 16an (neurtutako azken eguna), berriz, 730 izan zen.

Hilaren 16tik ez dago daturik, baina, surik ez dagoenez, dioxina-kopurua nabarmen jaitsi delakoaren ustean oinarritu dira osasun-alerta kentzeko erabakia hartzeko; “sua itzali da, balioak jaitsi egin dira, eta horrek egoera askoz hobea izan behar dela adierazten digu“, azaldu dute gaur arratsaldean Osasun Saileko ordezkariek.

Otsailaren 14an ezagutzera emandako datuen arabera, dioxina eta furano mailak altuak ziren Zaldibarko zabortegiaren inguruan, otsailaren 9an jasotako laginen arabera. Egun horretako dioxina tasak zentro urbano batean egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak ziren, hain zuzen ere. Otsailaren 9ko datuak ikusita, urgentziazko prentsaurrekoa antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak 5 egun geroago, osasunarekin lotutako aholkuak emateko: etxeak ahalik eta gutxien aireztatzea (batez ere, gauez leihoak itxita eduki) eta kanpoan ariketa fisiko handirik ez egitea”.

zaldibarkoa azalean

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »