Feliciano Castrillo Ortuoste argazkilaria hil da

Feliciano Castrillo Ortuoste argazkilaria hil da
2020/06/23 eta kitto!
Donostian hil zen atzo, 84 urterekin, Feliciano Castrillo Ortuoste argazkilari ezaguna, batez ere aurreko mendearen azken erdialdean gure herrian gertatutakoaren berri eman ziguna bere argazkiekin eta eibartarroi egindako erretratu askorekin, gehienak Julian Etxeberria kalean zuen estudioan ateratakoak. Familiatik zetorkion zaletasuna eta ofizioa Felicianori, aurretik ere bere aitita Roman eta bere aita Feliciano lan horretan jardun zutelako eta eurekin hasi zelako ibilbidea gure herrian. Argazkilaritzan Eibarren aitzindari izan den familia horretako hirugarren belaunaldiarekin amaitu zen etapa hori 1994ko abenduan eta, handik hiru urtera, Castrillo Ortuoste Fondoa Udalari eskaini zion Felicianok. Udal Artxiboan landu ziren azken mendeko argazki mordoa batzen zuen bildumako irudiak eta, geroago, 2002an fondo hori jasotzen zuen “Eibar Argipean” liburua kaleratu zuten. Bihar, eguaztena, agurtuko dute Feliciano Funeuskadik Otaola 27an duen tanatorioan, jarraian errausteko familia artean.