Foball talde jatorrena

Foball talde jatorrena
2019/02/15 eta kitto!
Bizi guztian kirola egiten pasa ondoren, Ander Romaratek goia jo zuen 2012ko Londreseko Paralinpiar Jokoetan. Bi diploma irabazi zituen Erresuma Batuko hiriburuan. Kirol zientzien karrera egin du Romaratek, eta igeriketa utzi ondoren beste kirolari batzuei lagundu nahi die bere ametsak betetzen. Horrela, SD Eibar Fundazioaren laguntzarekin garun paralisia eta adimen urritasuna duten pertsonekin bi foball talde osatu dituzte.

 

Ander Romarate ezin da geldirik egon. “Beti gustatu izan zait gauzak egitea, mugitzea”. Egonezin horren ondorioz desgaitasunaren eta kirolaren inguruan ikertzen hasi zen eta ikusi zuen Gipuzkoan garun paralisia zuten pertsonekin osatutako foball talde bat zegoela, baina desagertu egin zela. “Aspaceren laguntza jasotzen zuen taldea zen eta Aspacek taldearen aurrekontuari aurre egin ezin zionez desagertu egin zen”.

Romaratek harreman estua izan du Eibar KE-rekin, SD Eibar Fundazioak babestu egin zuelako bere kirol ibilbidearen zati batean Kirolgiren bitartez, eta harreman estu hori aprobetxatuz bere proiektuaren berri eman zien. “Eibar KE horrelako proiektu bat gauzatzen zuen lehen taldea izatea nahi nuen”. Eibar Fundazioak begi onez ikusi zuen Romarateren proposamena eta lanean jarri ziren.

Romarateren hasierako asmoa garun paralisia duten pertsonen foball taldea sortzea zen, baina aldi berean LaLigak LaLiga Genuine txapelketa sortu zuen (adimen urritasuna duten jokalariek osatutako taldeentzako liga) eta Eibar KE-k talde bi ateratzeko erronka bota zion Romarateri. “Ezetz esaten ez dakidanez, aurrera egin eta talde bi ateratzea erabaki genuen, garun paralisia dutenena eta adimen urritasuna dutenena”.

 

40 jokalari baino gehiago

Eibar Fundazioak Atzegirekin (adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) akordioa sinatu zuen adimen urriko jokalarien taldea osatzen laguntzeko. “Hala ere, taldean badaude Atzegitik kanpo dauden jokalariak ere”, dio Romaratek. Bestetik, garun paralisia duten jokalarien taldea garun paralisia dutenek eta burmuineko gaitza duten pertsonek (“garun paralisia bezala, baina istripu baten ondorioz sortu dena”, Romarateren berbetan) osatzen dute.

Garun paralisia dutenen taldea aurrera ateratzea gehiago kostatu zaie. “Azken finean, garun paralisia baino adimen urritasuna duen pertsona gehiago dago. Gainera, desgaitasunak fisikoki ere eragin egiten du eta horrek foballean jokatzeko aukerak murrizten ditu”. Adimen urritasuna dutenen taldeak 30 jokalaritik gora ditu eta garun paralisia dutenen taldeak 12. “Beraz, garun paralisia dutenen taldeak aurten ez du liga jokatuko. Gauzak ondo egin nahi ditugu eta lehiatzeko prest egoteko denbora gehiago behar badugu, itxarongo dugu”. Hala ere, taldea astean behin entrenatzen du eta datorren urtera begira prestaketa lanak egingo ditu lehian hasteko gogoz. “Gure asmoa oinarria jartzea da eta, horretarako, jokalariak lortu eta martxan jarri behar ditugu. Urte amaieran lagunartekoren bat jokatzea da asmoa”.

Adin guztietako jendeak osatzen ditu talde biak, eta emakumezkoek eta gizonezkoek elkarrekin hartzen dute parte. “Bereizketak egiten hasten bagara, taldeetako jokalari kopurua asko jaitsiko litzateke. Kirol egokituan horrela izaten da orokorrean. Gainera, banaketak egiten baditugu, emakumezkoak kaltetuta irtengo lirateke seguruenik”. Adinaren arabera bereizketa egitearen alde dago Romarate, baina taldeak gaur egun ez dauka jokalari gazte asko eta momentuz ez dute aldaketarik egingo. “Gainera, gazteentzat ondo dago jende nagusiarekin jokatzea, maila altua dagoelako”.

Guztira 40 jokalaritik gora daude talde bien artean, baina jende berria etorriz gero ez dituzte kanpoan utziko. “Tokia eskainiko diegu, izan ere, gure asmoa beste talde bat ateratzea da maila baxuagoa duen jendearekin”, Romaratek azaldu digunez. “Foballean jokatzeko inoiz aukerarik izan ez dutenei kirol honetan hasteko aukera eman nahi diegu. Ikasteko eta, zergatik ez, goiko taldean jokatzeko”.

 

LaLiga Genuine txapelketan

Adimen urriko taldeak, bestetik, LaLiga Genuine txapelketan eman du izena. 30 taldek osatzen dute liga, guztira lau jardunaldi jokatuko dira eta dagoeneko bi jokatu dira. “Jardunaldi bakoitzean hiru neurketa jokatzen dira eta taldeak bi multzotan banatzen dira”.

Lehenengo jardunaldia Tarragonan jokatu zuten ligako talde guztiek, baina bigarrengoan multzo bateko neurketak A Coruñan jokatu ziren eta besteak Cordoban. Jokalari eibartarrek, adibidez, A Coruñan jokatu zuten. Hurrengo jardunaldia apirilaren 5, 6 eta 7an Rayo Vallecanoren kirol-hirian (Madrilen) eta apirilaren 28an Los Angeles de San Rafael hirian jokatuko da (multzo bakoitza toki batean); eta liga Valentzian amaituko da ekainaren 16an (talde guztiak batera).

Eibartarrentzat emaitza ez da garrantzitsuena, “baina badu garrantzia”. Entrenamenduetan kontzeptu ezberdinak landu eta partiduetan gauzatzea da Eibarren helburua. “Azken finean gure jokalariak kirolariak dira, eta helburu horiek betetzen baditugu, pozik gaude. Emaitza ona bada, hobeto”. Foballean egiten ikastea, kirol-talde bateko kide izatea zer den ikastea eta taldekideekin elkarbizitzen ikastea da Romarateren asmoa. “Foballari sentitzea, azken finean”.

 

Jokalariak eta entrenatzaileak gustora

Ander Romarate eta taldeko entrenatzaileak pozik daude orain arte egindako lanarekin. “Oso balorazio positiboa egiten dugu”. Taldean dagoen giro ona azpimarratzen du arduradunak, “eta jokalariak oso gustora etortzen dira”. Astean behin entrenatzen badira ere, jokalariek poliki-poliki foballeko kontzeptuak ikasi dituztela eta “taldeak itxura gehiago” duela dio koordinatzaileak. “Denok gara berriak proiektu honetan”.

Iker Uribarren entrenatzaileak eta Atzegitik laguntza eskaintzen duen Carla Suarez teknikariak gidatzen dute taldea, baina Jose eta Haritz boluntarioen laguntza berebizikoa dela azpimarratzen du Romaratek. “Taldean oso sartuta daude, demaseko lana egiten dute, jokalariekin oso harreman ona daukate eta oso pozik daude eurekin”. Romaratek koordinatzaile lanak egiten ditu, baina taldea oso gertutik jarraitzen du eta entrenamenduetara ere joaten da. “Ofizinako lana ondo dago, baina niri eurekin egotea gustatzen zait”.